Animalien hezurrak eta harrizko tresneria aurkitu dituzte aurten Lezetxikin

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko uzt. 17a, 14:10

Aurtengo indusketa oso emankorra izan dela azaldu du Alvaro Arrizabalaga arkeologo eta Lezetxikiko indusketen arduradunak, udako kanpaina amaitzear dagoenean. Aurkitutako animalia hezur eta tresneria zein garaitakoa den ez dakite zehatz mehatz, baina orain dela 180.000 edo 200.000 urte ingurukoak izan daitezkeela uste dute.

Arrasaten dagoen Lezetxiki aztarnategiko udako kanpaina amaierara iristen ari da. Aurten hemeretzigarren urtez egin dute eta biharkoa, egubakoitza, izango da azken eguna.

Animalia hezurrak eta harrizko tresneria

Aurtengo indusketa oso emankorra izan dela azaldu du Alvaro Arrizabalaga arkeologo eta Lezetxikiko indusketen arduradunak. Adierazi du alde bateko indusketa azalera zabaldu egin dutela, eta ondorioz, sakonago iritsi direla. Batez ere, azken urteotan bezala, animalien hezurrak eta harrizko tresneria aurkitu dute eta aurkitutako materialen artean aipatzekoak dira su eta janari aztarnak, leizetako hartza bezalako animalien hezurrak, edota industria litikoa.

Aurkitutako hezur eta tresneria zein garaitakoa den ez dakite zehatz mehatz, baina orain dela 180.000 edo 200.000 urte ingurukoak izan daitezkeela uste dute.

Bihar, azken eguna

Bihar, egubakoitza, amaituko dute udako kanpaina baina jaso duten materialarekin lanean jarraituko dute aurrerantzean. "Garbitu eta materiala prozesatuko dugu. Material bakoitza dagokion espezialistak jasoko du eta lanean jarraituko dugu", adierazi du Arrizabalagak.

Baina hori bakarrik ez, garai hartako klimatologia ezagutzeko laginak ere hartu dituzte, adibidez, eta horiekin beste espezialista batzuk jarraituko dute lanean.

Udal ordezkariak, lanak ezagutzen

Eguerdian bertan izan dira Arrasateko alkate eta udal ordezkariak egunotan lanean ibili diren 20 lagun inguruk egin dutena gertutik ezagutzen eta aurtengo aurkikuntzen berri jaso dute.

Erreportaje zabala, gaur Goiena telebistan

Lezetxikin egindako lanen inguruko informazio gehiago jasotzeko aukera izango da gaur, eguena, Debagoiena zuzenean saioan eskainiko den erreportajean 20:00etan, 21:00etan eta 22:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak