Arrasateko saltokietan hondakinen sorrera prebenitzeko kanpaina

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko uzt. 17a, 12:21

Garazi Mitxelena eta Sustrai dendako arduradun Alberto Vesga kanpainarako txartelekin.

Arrasateko saltokietan hondakinen sorrera prebenitzea. Horixe da Etorkizuneko Arrasate Eraikiz kanpainaren helburu nagusia. Mondragon Unibertsitateko diseinu ingeniaritza ikasketak egiten diharduen Garazi Mitxelena eta haren klasekide baten proiektutik sortu zen kanpaina: "Hondakinak ez sortzeko praktika onak aholkatzen dira, eroslea ere kontzientziatu dadin", dio Mitxelenak.

Ikasturte hasieran Ibai-Arte merkataritza elkartearengana jo zuten eta lau dendek erabaki zuten parte hartzea: Sustrai fruta denda, Resusta Karrikiri, Arrasate Zoo eta Bioteka –itxi egin du–. Hasteko, denda bakoitzaren beharrak identifikatu zituzten eta gero hondakinen sorrera nola prebenitu adostu zuten arduradunekin batera.

Denda bakoitzaren errealitatea ezberdina da hondakinen sorrerari dagokionez, eta horregatik kasuaren araberako metodologia garatu dute: "Sustrai dendan, esaterako, fruta zein barazkiendako poltsa edo arrautzendako ontzia etxetik dakarrenari txartel bat  banatu eta laukitxoak zigilatuko zaizkio". Hala, txarteleko laukitxo guztiak zigilatuta dituenak zozketa ezberdinetan hartuko du parte.

Herritarrek "ondo eta ilusioz" erantzun dute

Hondakinik ez sortu eta eroslea sentsibilizatzeaz gain, hondakinei irteera edo beste erabilera bat eman gura diete. Kanpaina uztailaren 3an jarri zen martxan eta jendeak "ondo eta ilusioz" hartu du. Kanpaina martxan jarrita, denda bakoitzak erabakiko du noiz arte jarraitu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak