10 milioi dolar jokoan, pokerreko World Series-en finalean da Andoni Larrabe

Jon Berezibar 2014ko uzt. 15a, 15:16

Larrabe, Las Vegasen atzo, astelehena. (Iturria: Twitter @poker_red). Argazkia: www.poker-red.com

Mundu mailako poker txapelketa lehiatuenaren finalera iristea lortu du Andoni Larrabe Pollopopeye jokalari arrasatearrak. Azaroan izango da bederatzi jokalarien arteko final handia eta poltsikora ditzake 10 milioi dolar, poker jokalari profesionalen artean munduko saririk gutiziatuena. Txarrenetan ere, bederatzigarren geratuta, 730.025 dolar irabaziko ditu.

November nine delako handikien taldean sartzea lortu du Andoni Larrabe Pollopopeye, 22 urteko arrasatearrak. Azaroan itzuliko da Las Vegasera eta jarraipena egiten dion Poker Red webgunearen arabera, mahaiko jarlekuaren zozketan zortea izan du, finalera begira. On-line pokerraren goraldiaren gorenean iritsi da lehen lerrora Pollopopeye nick-arekin diharduen gaztea. Jarraitzaileak ere milaka ditu, horren froga Twitter-en final handira begira ateratako traola-berbak izandako jarraipena. Hain zuzen, Espainian trending topic izan da #LarrabeNov9.

(Argazkia: Twitter @poker_red)

Milioiak eta milaka jokalari

Las Vegasen urtero jokatzen den torneoa da World Series of Poker eta saria urtero parte-hartzaileek jokatutakoen arabera pilatzen da. 2014ko torneoan 6.683 jokalarik hartu dute parte eta uztailaren 14an azken bederatzien artean lekua hartu du Larrabek. 2006 urteko 12 milioiez aparte, aurtengoa 70. hamarkadatik egon den saririk potoloena da. Torneo hau poker jokalari profesionalen artea gutiziatuena da mundu mailan. Azaroaren 7an izango da finala. Sari potoloa 10 milioi dolarrekoa bada ere, finalista guztiek jasoko dute diru-saria. Kopuru txikiena 730.025 dolarrekoa da, azken geratzen denarentzat. Irabazleak, milioikadaz gain, urre eta zilarrezko besokoa ere jasoko du, garaikur bezala. 

Ibilbidea

Batxilergoan zegoela hasi zen pokerrean jokatzen Andoni Larrabe. Trebatzeari ekin eta teoria liburuak irakurrita, handik tarte batera benetako diruarekin jokatzen hasi zen. Unibertsitateko hautaproba gainditu eta gero, bide profesionalari heltzea erabaki zuen Larrabek. Orduan egin zen ezagun Pollopopeye gaitzizenarekin ziharduen benjamina online pokerraren sareetan. 2011an jokatu zuen lehen aldiz Donostiako Kursaal jauregian egin zen torneoan eta ordutik hazi besterik ez da egin Larrabe. Galizian ibili eta gero, Londresen bizi da gaur egun.

Ordutik dirutza pilatu du oso denbora laburrean. Iaz PCA Bahamas torneoan 218.710 dolar irabazi zituen, esate baterako, eta beste 100.000 euro mundu mailako torneo garrantzitsuenetako baten.

Twitter-eko txioak, Larrabe zorionduz

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak