Azoka betidanik izan da erreferente Arrasaterendako. Lehen azoka estalia, 1901eko abuztuaren 5ean inauguratu zena, Pedro Biterik eman zion Arrasateko herriari. 1940ean leku berean beste bat eraiki zen Biterik emandakoa ordezkatzeko, eta azkenik, 1970eko hamarkadaren erdialdean, Seber Altube plazako azoka eraitsi eta egungoa eraiki zen, Ferixaleku inguruan.
Beraz, 40 urte baino gehiago bete dira dagoeneko egungo azokan moldaketa garrantzitsurik egin ez denetik. Hala, Azoka Plazari beste buelta bat eman behar zitzaiola ikusita, Bagarak parte-hartze prozesu bat abiatu zuen –GUreztatu izenarekin– herriko hainbat eta hainbat eragile zein norbanakorekin batera eta Udalaren laguntzarekin.
Proiektu estrategikoa
Izan ere, Arrasateko Udal Gobernuarendako legealdiko proiektu estrategikoetako bat da azoka biziberritzearena. Azokaren itxuraldaketa ezinbestekoa izango da azoka herritarrarendako erakargarriagoa egiteko, baina GUreztatu ekimenak beste hainbat oinarri ditu: lehen sektoreari bultzada ematea eta kudeaketa eredua –abenduaren 31n iraungiko dira postuen ustiapenerako pliegoak– zehaztea, besteak beste.
2012an hasi zen ekimena, Azoka Plaza nola birpentsatu zitekeen hausnartzen. Gogoetarako fasea izan zen lehena eta orain hirugarren fasean dago egitasmoa: "Gauzatze fasean gaude. Aurreko urteetan proposamenak jaso, herritarrekin nahiz herri-eragileekin kontrastatu eta horien bideragarritasun soziala aztertu ondoren, orain gauzatze bidean jarri gura izan da adostutakoa", azaldu du Bagarako Onintze Guridik.
"Dimentsio handiko ekimena"
Epe luzerako proiektua da: "Kontuan izan behar dugu dimentsio handiko herri ekimena izaten ari dela, eta horrek zailtasun tekniko eta metodologikoak suposatzen dituela. Azken emaitza soilik ez, beharrezkoa da tarteko ibilbideko lorpenak ere baloratzea", azaldu du Guridik. Horregatik orain arte egindako bidearekin oso pozik daude Bagarakoak: "Arrasateko herritar eta eragile askok hartu dute parte prozesuan, eta tarteko hainbat helburu lortu dira dagoeneko: Azoka Plazaren eta kontsumo ohituren gaineko hausnarketa gizarteratzea, administrazio publikoko ordezkari politikoek zein teknikoek herritarrekin batera lan egitea, izaera ezberdineko herri eragileak saretzea...".
GUreztatu prozesuaren hirugarren fase honetan aspektu teknikoekin ari dira lanean bereziki: "Aurreko bi faseen aldean, kanpora begirako informazioan intentsitatea galdu da. Era berean, barneko lanak ez du etenik izan, baina aspektu teknikoek prozesua geldotzen dute, eta horrek intentsitate galera dakar". Hala ere, Guridik azaldu duenez, talde eragilera kide berriak batu dira, eta partaideak "gogotsu" daude: "Irailetik aurrera proiektu arkitektonikoak bere bidea hartuko duenez, talde eragilearen eginkizunen artean dago herri mailako kontsumo arduratsuaren gaia lantzearena; Azoka Plaza ahaztu gabe, noski".
Udala: "Biteri ez da egokia"
Udalak ekain amaieran onartu zituen gauzatze-fase horrek aurrera egin dezan ezinbestekoak diren neurriak; proiektu gidatzailea izango da oinarria. EAJk ez du begi onez ikusten eta egungo beharrak zeintzuk diren finkatu behar direla adierazteaz gain, azoka Biteri plazan kokatzea posible izango litzatekeen aztertzea eskatu dute. EAJko bozeramaile Juan Karlos Garitanoren arabera, Biteri plaza leku "aproposagoa" da azoka "dinamiko" bat lortzeko.
Horren aurrean Inazio Azkarragaurizar alkateak eta Joxe Etxebarria hirigintza zinegotziak honakoa diote: "Azokak prozesu parte-hartzaile bat eraman du eta bertan jende askok hartu du parte. Prozesu horretan azokaren beharren gaineko azterketa egin zen eta behar horiek dagoeneko finkatuta geratu dira; postu finkoen eta mugikorren zenbatekoa eta horien ezaugarriak planoetan jasota daude. Beraz, orain gai horren gainean aritzea denbora galtzea litzateke". Gainera, behar horietarako Biteri plaza ez da nahikoa, Etxebarriaren arabera: "Biteriko azalerak ez du behar horiei aurre egiteko ematen".
Proiektu gidatzailea, onartuta
Ikuspuntu ezberdinak egon arren, proiektu gidatzailea onartu zuen Tokiko Gobernu Batzarrak. GUreztatu prozesuaren bigarren fasean sortutako diseinu arkitektonikoaren lantaldeak garatu zuen txosten baten oinarritu da Pablo Telleria Zueco arkitektoa proiektu gidatzaile hori egiteko. Lau dira proiektu gidatzaile horren helburuak: etorkizuneko merkatuaren zirriborro eta irudien bidez orain arteko itxaropenak formalizatzea, obrak izango duen kostuaren estimazioa kuantifikatzea, proiektuak beharko dituen faseak zehaztea eta prozesu osoak izango duen kronologia zehaztea.
Egungo azokak 2.809 metro koadro ditu guztira, eta 1960ko hamarkadaren erdialdean eraikitako etxebizitza bloke baten azpian dago kokatuta. Azokaren zati estalia postu finkoez eta mugikorrez osatuta dago eta proiektu gidatzailearen arabera etorkizuneko azokak, bi postu eredu horiez aparte, espazio berria izango du. Espazio finkoa egungo azoka ereduaren jarraipena izango da, postu finko zein mugikorrekin. Espazio moldagarria, berriz, azoka dinamizatuko duten ekintzak antolatzeko izango litzateke eta espazio berria, azkenik, Mondragones kalearen mailan egongo litzateke azokaren ahalmen komertziala indartzeko. Txostenak aurreikusten du espazio bakoitza erraz bereizteko modukoa izango dela.
Lau fasetan egingo litzateke
Azokaren berritze lanak lau fasetan egitea aurreikusten da. Lehen fasean igogailua jarriko da eta aurten gauzatzea espero dute. Gainerako hiru faseak noiz hasiko diren aurrerago erabakiko da. Lehen fasearen aurrekontua da 152.264 eurokoa eta Eusko Jaurlaritzak %10 jarriko du –10.950 euro–. Azokaren ohiko jarduera ez du oztopatuko eta irisgarritasunean asko irabaziko da. Gainera, hurrengo faseetan egingo diren lanetarako mesedegarri izango da igogailu berria. Hiru hilabete beharko dira gutxienez.
Bigarren faseak–Berria zatia du izen– eragingo ditu aldaketa handienak. Egungo aldapa ordezkatuko dute, izan ere, ez du Jaurlaritzaren irisgarritasun legea betetzen. Gainera, Mondragones kalean aurreikusita dagoen gune estali berrirako ezinbestekoa izango da. Horrez gain, Berria fasean solairu berri bat eraikiko litzateke horretarako beharrezkoak diren esku-hartze guztiekin. Telleria Zueco arkitektoek gomendatzen dute jarduera eten edo beste leku batera eramatea, "segurtasuna bermatzeko". Bigarren fasearen aurrekontua da 421.217 eurokoa eta lanek sei hilabete iraungo lukete gutxienez.
Hirugarren faseko –Iparraldea zatia– lanek azokaren kontzeptu tradizionalari "jarraipen berri" bat ematea dute helburu. Azoka barruko iparraldeko hegala "modu integral" baten berrituko litzateke –postu finkoak zein mugikorrak, komunak...– eta barruko eskailera kentzea ere aurreikusten da. Barruko instalakuntza guztiak berrituko lirateke, eraikinaren egituran eskua sartu barik. Aurrekontua da 784.033 eurokoa eta lanek sei hilabete iraungo lukete.
Laugarren eta azken fasean –Mendebaldea zatia– azokaren mendebaldeko zatia egokitzeko lanak egingo lirateke. Balio anitzeko gunea izango denez, etorkizunean askotariko moldaketak egiteko moduan utziko da. Aurrekontua da 493.935 eurokoa, lau hilabetetan egiteko.
Oposizioaren iritzia
Juan Karlos Garitano | EAJko bozeramailea: "Azoka egun dagoen lekuan mantentzea erabaki okerra da. 1970eko hamarkadan garajeak aurreikusten ziren soto baten azoka ezartzea erabaki zen eta gure ustez, leku horrek ez ditu azokaren bideragarritasuna bermatzeko baldintza minimoak betetzen. Kontsumo ohiturak, merkataritza eskaintza eta kontsumitzaileen behar eta eskariak izugarri aldatu dira azken 45 urteetan. Hala ere, Bilduk bertan mantendu gura du, bi milioi euro gastatu eta azokaren gainbeherari buelta ematea espero dute. Azoka Plazak porrot egiten badu eurena izango da ardura bakarra. Aditu guztiek diote azoka batek bideragarria izateko irisgarria, kalearen maila berean egotea, irekia eta argi naturala izatea eskatzen duela. Egungo kokalekuak ez du baldintza horietako bat ere betetzen. Bestalde, parte hartze prozesua oso aberasgarria izan da. Parte hartu duten guztiek ilusioz eta gogoz aritu dira eta definitu diren ezaugarriekin bat gatoz. Hala ere, Biteri plazako pergola ingurua azoka txukun, irisgarri eta erakargarri bat egiteko egokiagoa dela deritzogu".
Aritz Arrieta | PSE-EEko bozeramailea: "Hasteko eta behin, Arrasateko azoka biziberritzeko proiektuaren planteamenduarekin ez gara bat etorri. Hau da, prozedurarekin berarekin ez gara ados egon haren berri izan genuenetik. Herritarren artean sustatu gura den parte-hartze prozesu bat enpresa baten esku uztea erabaki zuen Udal Gobernuak, eta hori ez dugu ulertzen. Udala ez al da gai halako parte hartze prozesuak barne baliabideekin garatzeko? Gure ustez bai, Udala gai izango litzateke. Arrasateko alderdi sozialista lehenago aurreikusita zegoen proiektuarekin bat zetorren eta hori baino lehenago, duela urte asko, hainbat proposamen egin zituen. Hala ere, ez dugu proiektuaren kontra egingo.
Argi dagoena da egungo azokak berrikuntzak behar dituela. Oraingoa baino proiektu egokiago baten alde egongo ginateke, beste sistema bat planteatzen dugu. Azoka eta aisialdia uztartzen dituen esparru bat. Bestalde, ez genuen parte hartze prozesuan parte hartu ez dugulako uste prozesu hori enpresa batek kudeatu behar duela".