Kirola bazterkeriatik ateratzeko bidea

Miren Arregi Amasorrain 2014ko uzt. 12a, 00:00

Choroni eta Chuaon entrenatzen dituen neska-mutikoak.

Zegama-Aizkorri mendi maratoia egitera etorri zen 2007an eta maitemindu egin zen Euskal Herriaz. Ordutik, urtero etorri da. Hiru urte lehenago, "kasualitatez", mendi lasterketetan parte hartzen hasi zen Alexis Arreaza venezuelarra; mundu horrek liluratu egin zuen. 

Orain, Venezuelako Choroni eta Cuao herrietako neska-mutikoak kirolaren munduan murgiltzea da haren erronka: "Kirolaren bidez, gizarte talde marjinalak bazterkeriatik ateratzea”, dio Arreazak. 

Bi hilabete daramatza eliteko kirolari venezuelarrak Euskal Herrian. Oraingoan, Arrasaten. Bi helbururekin etorri da: lehenengoa da formazioa jasotzea; eta bigarrena, mendi lasterketetan parte hartzea. 

Gero han zabaltzeko 

Bilbon dihardu prestakuntza fisikoaren eta kirol elikaduraren gaineko ikastaro bat egiten. Hain zuzen, formazioa jaso gura du, gero ezagutza hori bere herrian zabaltzeko. Choroni eta Chuao herrien artean bizi da Arreaza eta han nahiko egoera marjinalean bizi da jendea. Haren asmoa da kirolaren bitartez hango neska-mutikoak bazterkeria egoeratik ateratzea. “Iaz hasi nintzen umeekin lanean. 7 eta 16 urte bitarteko 22 neska-mutiko entrenatzen ditut”, dio Alexisek. Eta gaineratu du: “Bizpahiru bider entrenatzen gara astean. Hondartzan egiten dugu; izan ere, askok oinetakorik ere ez dute”. Bada, neska-mutikoei laguntzeko, badaki orain jasotzen ari den prestakuntzak berebiziko garrantzia duela.

Mendi lasterketak, pasio

Mendi lasterketak dira haren pasio. Duela hiru aste Eskoriatzako Gabez Takarraran lasterketan hartu zuen parte eta bihar  Goierriko 2 Haundiak lasterketan izango da. Oso gustuko du Zegama-Aizkorri mendi maratoia eta Europan egiten diren beste hainbat lasterketatan  ere egiten du korrika; esate baterako, Goretex Transalpine lasterketan: "Lasterketa horretan hirugarren postua eskuratzeak ireki zizkidan ateak". 

Biharkoaz gain lasterketa gehiago egingo dituen galdetuta, kezkatuta azaltzen da. Izan ere, Venezuelak ez dio hemen egoteko baimena luzatzeko eskaerari erantzun. Hango moneta eurotara aldatu behar du derrigor hemen jarraitu gura badu, eta horretarako ere haien baimena behar du. “Ezinbestekoa zait baimena. Ikasten jarraitu ahal izateko eta lasterketak egin ahal izateko”, dio Alexis Arreazak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak