Pertsonekin ilusionismoa lantzen duen magoa da, eta helduei zuzendutako saioak egiten ditu. Urte asko daramatza magiaren munduan, eta ilusionismoa eta karta jokoak ditu gustuko. Arrasaten bere azken lana aurkeztuko du: El suceso. Antzokietarako sortutako lana zen, hasiera baten, baina aurten kaleko emanaldietarako moldatu du, eta ikuskizuna aurkezten dihardu.
El suceso izeneko ikuskizuna aurkeztera zatoz. Nolakoa da?
Pertsonen pentsamenduak asmatzean oinarritutako ikuskizuna da. Ordubete inguru irauten du, eta ikusleak dira protagonistak, gehienetan pertsona helduak; hala ere, inoiz haurrek ere hartzen dute parte. Ez dauka egitura finkorik, partaideen araberakoa izaten da; beraz, ez daude ikuskizun berdin bi, nahiz eta guztiek El suceso izena izan.
Pertsonekin ilusionismoa lantzen duzu; zer dela eta jorratzen duzu magiaren arlo hori?
Duela urte asko aukeratu nuen ilusionismoaren adarra. Egia esan, ez dakit zehazki zergatik aukeratu nuen. Baina egia da asko erakartzen nauen magia mota dela, eta nire izaerarekin bat dator. Gainera, magia munduan ez da askorik jorratu, eta jendearen arreta asko erakartzen du. Hala ere, nire mago ibilbidean karta jokoak ere egin izan ditut; egun, mentalismoan dihardut, kartak alboratuta ditut, orain aisialdira mugatu ditut.
Debagoienean ibilia zara. Duela bi urteko Udazabal jaialdian egon zinen, baita Magia Mostran ere. Gogotsu zatoz bailarara?
Egia da oso gustura aritu nintzela Arrasaten egon nintzen aurrekoan ere. Orduko oroitzapenak onak dira, beste espektakulu bat egin nuen, eta jendearen erantzuna ona izan zen. Izan ere, berezia da bailaran magiarekiko duten afizioa.
Magia ikuskizunetan eta, batez ere, pertsonen arteko ilusionismoan, ikus-entzuleen partaidetza garrantzitsua da?
Beharrezkoa da publikoaren erantzuna nire espektakuluetan; izan ere, ikus-entzulerik izan ezean saioak ez du zentzurik. Esaterako, aktore batek edo trapezista batek bere emanaldia ikus-entzule gabe egin dezake, baina nik lantzen dudan magia motan ezinezkoa da. Pertsona barik ezin dut magiarik egin, haien burutazioak asmatzen baititut.
Parte-hartzea eta umorea, biak dira ikuskizunaren giltzarriak?
Gerturatzen direnen parte-hartzea umorea bezain garrantzitsua da niretzat. Umoreak askotariko erabilerak izan ditzake magia ikuskizunetan; umorea giltza eta teknika ere bada. Askotariko sentsazioak sortzeko erabiltzen dut nik umorea; esaterako, parte-hartzaileak distraitzeko, lasaitzeko edota urduritzeko; oso arma baliagarria da magian.
Garrantzitsua da ikuskizuneko publikoak barre egitea?
Nire ustez, mago baten jardunean ikus-entzuleengan barrea eragitea ez da beharrezkoa. Izan ere, badira mago asko egiten duten lanagatik onak direnak, eta ez dute umorerik erabiltzen. Hala ere, nik gustuko dut publikoari barrea eragitea, nire izaeraren parte ere badelako. Estrategia psikologikoa ere bada, parte hartzen dabilen pertsona nahi dudan eremura eramateko.
Magoen ezaugarrietako bat sortzailea izatea ere bada. Joko eta ikuskizun berriak egiten denbora luzea ematen duzu?
Egia da magiaren arloan etengabe sortzea garrantzitsua dela. Baina, batzuetan, nahi baino denbora laburragoa eskaintzen diogu gauza berriak sortzeari; sarritan, egiteke geratzen den ikasgaia da, niri hori gertatzen zait. Hala ere, El suceso-k badauka atal bat oso berritzailea dena, egiten diren trikimailuak ez baitira beste inon egiten.
Ikuskizunez gain, magia liburuak ere argitaratu dituzu. Arlo teorikoa behar bezala lantzen da?
Magiari buruzko bi liburu idatzi ditut, eta, egia esan, ez da oso ohikoa magiari buruzko liburuak argitaratzea. Niretzat, liburua idaztea magiari zor diodana ematea da; hau da, nik nire kabuz sortu eta ikasi ditudan trikimailuak besteen esku uztea. Magiarekiko maitasunagatik egin ohi dudan gauza da.
Bilbon bada magia eskola bat; baduzu loturarik horrekin?
Ez; nire ustez, magia eskola batek hasiberriei trikimailu guztiak eskura ematen dizkie, eta magiaren oinarria sekretutasuna da. Nork bere joko eta trikimailuak sortu behar ditu, eta ikaskuntza prozesuak pertsonala izan behar duela uste dut, nahiz eta gero magoak elkartu egiten garen eta ezagutzak partekatzen ditugun. Eskola batek sorkuntza mugatu egiten dio ikasleari. Nire ustez, mago baten ardura emanaldiak ematea da, eta ez irakastea.