Arrasate Zientzia Elkartea: "Jende asko, eta askotarikoa etorri da erakusketara"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko uzt. 10a, 08:30
Herritar batzuk liburua erosten.

Hilabetez Kulturateko klaustroan egon ostean, uztailaren 6an itxi zuten Mondragoe Beirazko Plaketan erakusketa. Arrasatek orain arte eman dituen argazki zaharrenak erakutsi dira, 108 erretratu. Argazkiok denoi erakusteko lan mardula egin duen Arrasate Zientzia Elkarteko kideek diote balorazioa egitea "oso zaila" dela: "Altxor bat baloratzea benetan da zaila. Hori esanda, neurketa egin dezakegu eta neurketarekin oso pozik gaude, milaka pertsonek bisitatu dutelako erakusketa. Jende asko, eta askotarikoa etorri da: jende nagusia eta gaztea, kirolariak, politikariak, elizgizonak...", dio AZEko bazkide Xabier Bengoak.

Erakusketa irekita egon den egunetan bataz beste egunero 300 lagunek bisitatu dute klaustroa: "Eta seguruenik motz geratzen garela", dio Bengoak. Beraz, 6.500 lagundik gora erakarri ditu erakusketak hilabete baten.

Liburua ere, "oso ondo" saldua

Era berean, erakusketa irekitzearekin batera kaleratu zuten liburua ere "oso ondo" saldu da: "Ale gutxi batzuk gordeta ditugu gure konpromisoetarako; sekulako esfortzua egin dugu eta erantzuna bikaina izan da. Erantzun horri esker elkarteak aurrera egingo du". Azken erakusketa honek "pozez gainezka" utzi du herriko ondarea mantendu eta ezagutarazteko lan egiten duen elkartea: "Milaka zorion mezu jaso ditugu eta bitxikeriaren bat gertatu zaigu zoriondu gaituenetako baten eskutik. Baina horren gainean irailean egingo dugu berba, elkarteko kideok batera egingo dugun balorazioaren ostean", aurreratu du Bengoak.

Hurrengoa, gerraostekoa

Etorkizunera begira esku artean dituzten proiektuen artean dago 36ko gerraren ostean Arrasateko industriaren eta komertzioaren egoera ikertu eta ezagutzera ematearena: "Planoak, produktuak, argazkiak eta beste informazio gehigarri bat lortzen badugu, oso proiektu berezia izango da gure historiarako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak