Jose Luis Azkarate: "Elkarteko sukaldean gusturago, baina etxean ere neuk kozinatzen dut"

Mirari Altube Arrese 2014ko uzt. 9a, 00:00
Jose Luis Azkarate, Otalora kalean.

Ferrerias kalean jaioa da Jose Luis Azkarate (Arrasate, 1944) eta 70 urte betetzear sasoi bateko mila kontu dakizki. Musika eta kirola ditu zaletasun, eta erretiratuta egon arren ondo okupatuta dago.

Jose Luis Azkarate, zelakoa da?

Oso jatorra eta saltseroa.

Ze harreman duzu sukaldearekin?

Elkartean bazkari eta afari asko gertatzen ditut, baita etxean ere.

Zein da zure espezialitatea?

Kipula pastela; arbigarak, paella, bildotsa… Porru patatak eta berakatz zopa ere bai.

Zertara gonbidatuko zenuke lagun on bat?

Elkartean bazkaltzera.

Eta zeinekin gustatuko litzaizuke mahaiaren bueltan eseri?

Lagunekin gustura egoten naiz, eta senideekin ere bai, semeekin eta ilobekin.

Gastronomia elkarteko sukaldea eta etxekoa ezberdinak dira?

Bai, elkartean sua dago eta leku zabalagoa, hortaz, gusturago. Baina etxean ere egunero gertatzen ditut bazkaria eta afaria.

Zelatan otxotean?

Olaizolak komentatu zidan sortzekotan zebiltzala eta ahots baxua osatzeko nirekin akordatu ziren. 

Zuen otxotea ez da zortzikotea…

Hamabiko otxotea da. Lau ahots daude eta bakoitzean hiru gaude badaezpada, baten batek huts egiten badu. Eta gero zuzendaria.

Otxotearen kontura hara eta hona; orain ere Granadan egon berri…

Bai, astebete. Emazteekin joan gara eta oso gustura ibili.

Eta zartzuelan ere hasieratik. Orain arte egin duzun gustukoena?

Hamabosgarrena egingo dugu aurten eta guztiak politak: Caserio, Katiuska, La tabernera del puerto

Eta egitea gurako zenukeena?

Ia 200 zartzuela daude eta guztiak politak. La verbena de la paloma adibidez, baina motza da… 

Mondrako presidentea izan zinen; zer gehiago poztasunak edo burukominak?

Poztasunak! Esan zidaten nire lana bakarrik izango zela argazkietarako jartzea eta bazkarietara joatea, eta halaxe izan zen.

Mondrako zale amorratua. Non daude gainerakoak?

Ez dakit… Etorriko dira bueltan.

Realzalea; Athleticen kontrakoa?

Kontrakoa ez; Kanpanzarretik gora ezer jakin gura ez.

Iratxoek hiru desio betetzeko aukera eman dizute.

Osasuna; Realak liga irabaztea; eta lagun asko izatea.

Zure bizitzako anekdota bat.

Gure etxean hamaika anai-arreba gara eta sasoi hartan, bost bat urte nituenean, gosaltzeko ez zegoen kaferik, txikoria edo bakarrik, eta azukrea ikusi ere ez. Uriona dendara joaten zen ama erosketak egitera eta malba zurizko gozokiak ekartzen zituen. Gure anaiak kontatzen du gozoki bat ahoan sartu eta kafesnea edaten zuela gosaltzeko; goxoki hori ahotik atera eta alboko anaiari pasatu eta horrek ere kafesnea edan… Hala anai-arreba guztiok pasatu arte, eta niregana iristerakoan, gazteena nintzenez, goxoki zatia neuretako. Nik ez daukat gogoan baina hala dio anaiak.

Zenbat kontu sasoi hartan…

Bai… Ferreriasen guztiok genuen ezizena: Txirripitxi, Hamalau, Pitusin, Raposo, Pankorbo, Zelaitxo (gu gara), Paiko… 

Otxotean jarduteko zer da ezinbestekoa?

Taldekideok lagunak izatea, pertsona onak, eta musika gustuko izatea.

Damu zara…

Piano ikasketekin ez jarraitu izana, lau urte egin nituen-eta.

Zer errepikatuko zenuke?

Guztia! Orain arteko guztia.

Zerk beldurtzen zaitu?

Hemendik joan behar izatea: neuk, etxekoek…

Etxera iritsi, sofan eseri eta…

Egunkaria irakurri, filmen bat ikusi, futbola… eta lo-kuluxka ere bai.

Nora joango zinateke gustura?

Vienara.

Ze aholku konpartituko zenuke?

Pertsona sanoa izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak