Hondakinen Mahaiak adostu zuenez, azaroan jarriko da martxan Arrasaten hondakinak biltzeko sistema berria. Sistema berriak herritarrei zuzenean eragingo dien hainbat aldaketa ekarriko ditu eta aldaketa horiez guztiaz ahalik eta informazio gehien zabaltzeko asmoarekin, besteak beste, hondakinen informazio bulegoa zabaldu zen BAZen.
Astelehenetik egubakoitzera goiz eta arratsaldez dago zabalik hondakinen bulegoa, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Bulegoko telefono zuzena da 943 79 70 36.
Bilera eta bisitak lantokietara
Herritarrei informatzeaz aparte, Mankomunitateak enpresengana jotzeko beharra ikusi du: "Arlo batzuetako jardueren ondorioz edo eremu konkretu batzuetan oso informazio zehatza zabaldu behar dela ikusita, industrialdeetako enpresa eta establezimendu guztiekin harremanetan jartzeko beharra ikusi dugu".
Hala, industrialdeetako enpresa eta establezimendu guztiei eskutitz bat bidali zaie etzi egingo diren bileratara deituz. Bilerak udaletxeko osoko bilkuren aretoan egingo dira; bi aukera egongo dira bertaratzeko, 11:00etan edo 18:30ean. Mankomunitateak aurreratu duenez, bilera horietan Udaleko ordezkariak, teknikariak eta hondakinen bulegoko hezitzaileak egongo dira, industria arloan hiri hondakinen bilketak nola funtzionatuko duen azaltzeko.
Bilera horiez gain, Mankomunitateko hezitzaileek lantegi guztietara egingo dituzte bisitak sistema berriarekin lantegi bakoitzak dituen behar zehatzak aztertzeko.