Big Band taldearen eskutik, askotariko doinuak Udazabal jaialdiaren irekieran

Ane Elordi 2014ko uzt. 4a, 10:48

Arrasate Musikaleko Big Bandek emango dio hasiera aurtengo Udazabal jaialdiari, Monterron parkean, 22:30ean. Seigarren edizioak askotariko diziplinak eskainiko ditu, eta uztaileko asteburuetan eskaintza kulturala bermatuko da. Dantza, zirkoa, poesia eta musika emanaldiez gozatzeko  aukera izango da herriko zenbait tokitan. Aurten, aldiz, zinema eskaintzarik ez da egongo.

Jon Zabal magoa bigarrenez izango da Arrasateko Seber Altube plazan, uztailaren 11n, ilusionismo ikuskizun  interaktiboa eskainiko du; bertaratutakoak intrigazko giro misteriotsu baten murgilaraziko ditu magoak.


Bi egun geroago, uztailaren 13an, zirkoak hartuko du Arrasate. The Funes Troup taldeak umorezko ikuskizuna egingo du Sebero Altube plazan. Hiru pertsonaiak karabana batean gerturatuko dira, euren kezka eta nahiak ikus-entzuleekin partekatzeko. Herritarrek dibertsioa bermatuta izango dute protagonisten dantza, akrobazia eta trebetasun harrigarriarekin. Diziplina bereko beste ikuskizun bat izango da, uztailaren 20an, Altube plazan 22:00etan. Malas Compañias taldeak Txatarra ikuskizuna antzeztuko du, zirkoa eta antzerkia bateratuta.


Berrikuntza eta eskaintza bereziena Rafael Lechowski rap abeslariaren eskutik dator. Izan ere, askotariko estilo eta diziplinak bateratzen dituen artista da. Rap munduan sortzailea eta berritzailea izan da. Egun, aldiz, poesia musikatua lantzen dihardu. Monterron parkean egingo duen emanaldian, jazz laukote batek lagunduta, bere poesiak irakurriko ditu herritarrentzat.

Dantzaren aldeko apustua

Udazabalen dantzaren presentzia bermatu nahi izan dute. Dantza ikuskizun bi izango dira. Batetik, uztailaren 25ean, Warszawianka talde poloniarrak folklore ikuskizuna eskainiko du. Varsoviako Unibertsitateko taldeak herrialdeko dantza  tradizionalen ale bat erakutsiko du. Bestalde, Kukai dantza taldeak Gelajauziak ikuskizuna aurkeztuko du, Nestor Basterretxearen Akelarre eskulturaren inguruan eraikitakoa.

Ikasturteko azken saioak

23 musikariz osatutako taldeak askotariko doinuak eskainiko ditu, artean, swing, latin, bossa eta funk doinuak. Kontzertu animatua izango dela adierazi du Zigor Martinez zuzendariak, askotariko doinuak joko dituzte eta  abesti ezagunak ere, besteak beste, Cantaloupe island, Camaleon eta Gonna fly now.

Astelehenean, uztailaren 7an, Aramaion arituko dira Arrasate Musikaleko musikari aramaioarrak. Herriko jaiak direla eta, Kultur etxean eskainiko dute kontzertua, 19:00etan. Ikasturteko azken kontzertua Lantziegon, Errioxan, eskainiko dute, uztailaren 12an, 13:00etan.

Karmelo Alberdi Kultura Teknikaria: "Proposamen potenteena, Lechowskirena"

Alberdik itxura ona hartzen dio aurtengo programari, aurrekontua murriztu den arren, eskaintza zabala mantentzea lortu dute.


Maila handiko artistak etorriko dira aurten.
Bai, proposamen potenteena Rafael Lechowskiren ikuskizuna da, poesia eta jazza bateratua. Liburuak argitaratu ditu eta sariak jaso ere. Berrikuntza honek askotariko publikoa erakar dezake.


Euskal taldeak bultzatzen saiatzen zarete, ezta?
Bai, hala da. Aurten gehienak euskaldunak dira, eta maila handikoak, artean, Kukai dantza taldea. Egun Euskal Herrian, dantza tradizionala eta garaikidea bateratzen duen talderik indartsuena da, eta ikuskizun berria aurkeztuko du

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak