Oscar Rodriguez: "Botinekin gutxiago eta herritarrekin gehiago egon behar du PSOEk"

Eneko Azkarate 2014ko uzt. 4a, 10:00

Eusko Legebiltzarreko talde sozialistaren idazkaria izan zen aurreko legealdian, baina, besteak beste, Arabako PSE-EEren korronte kritikoan alienatu izanak politikatik kanpo utzi zuen Oscar Rodriguez (Arrasate, 38 urte).

Legebiltzarkide izan zinen, talde sozialistaren idazkari ere bai, aurreko legealdian. Gaur egun, erabat kanpo zaude politikatik eta alderdi sozialistatik?
Alderdi sozialistaren txartela daukat, militantea naiz, baina, hortik aparte, hiritar arrunta naiz, ez daukat bestelako lotura organikorik alderdiarekin.

Arabako sozialisten sektore kritikoko kide zara eta Rubalcaba eta Lopezen dimisioa eskatu zenuen Europako hauteskundeen emaitza kaskarren ostean. Horiek badoazela esan dute. Txarli Prieto Arabako sozialisten idazkari nagusiak ere utzi beharko luke?
Inor ez da joan oraindik. Dimisioak iragarri dituzte, baina Rubalcabak dimititu izan balu, esaterako, haren ordezkoa aukeratzeko prozesua eta kongresua antolatzen gestora bat egongo litzateke une honetan. Baina ez da horrela. Kongresua antolatzen Rubalcabaren taldea ari da eta, jakina, hautagai baten alde lanean ari dira. Euskadin eta Araban berdin. Dimisioak diferituan izan dira. Halere, argitu behar dut ni ez naizela sektore kritikokoa eta PSE-EEn ez dagoela sektore edo korronte kritikorik. Duela hiru urte ideia batzuk defenditu genituen eta gaur egin ere ideia horiei eusten diegu alderdikide batzuek. Nire ustez antolakunde baten militante guztiak izan beharko lirateke kritikoak.

Zeinen alde egin du alderdiko aparatuak?
Pedro Sanchezen alde. Madrileko, Andaluziako, Gaztela Leongo, Kantabriako, Euskadiko… idazkari nagusiek Sanchezen aldeko hautu publikoa egin dute. Hautagai guztiek aukera berberak izan beharko lituzkete eta hori ez da hala izan. Rubalcabak dimititu behar zela esan zuen duela hilabete pasa, baina duela gutxi monarkia defendatzen ikusi dugu Diputatuen kongresuan, Madrilen.

PSOEko idazkari nagusi izateko zure hautagaia zein da?
Eduardo Madina. Honen eta Jose Antonio Perez Tapiasen arteko akordioa nahiko nuke eta, nire ustez, askok nahiko lukete hori. Madinak, irabazteko aukera handiak ditu, hautagai ofiziala ez izan arren. Militanteen bozka zuzena eskatu zuenean, aurrerapauso handia egin zuen Madinak. Inoiz ez da gertatu PSOEko militante guztiek aukeratzea idazkari nagusia. Madinak lortu du hori. Eta oso pozgarria da.

Zergatik Madinaren alde?
Lotura sentimentalak ere badaude tartean. Gazte-gaztetatik ezagutzen dugu elkar, belaunaldi berekoak gara-eta. Baina gehien gustatzen zaidana da haren konpromisoa.

PSOEk eta, bereziki, PSE-EEk Euskadin, inoizko emaitzarik txarrenak lortu zituzten azkeneko Europako Hauteskundeetan. Zein da horren arrazoi nagusia?
Aspalditik dator. Azken hauteskundeetako emaitzak ez dira isolatuak izan. 2009an 300.000 bozka lortu genituen eta 2012an 100.000 bozka galdu genituen. Azkeneko joera hori izan da, lurralde guztietan, baita Euskadin ere. Horregatik eskatu genuen aspaldi hainbat militante sozialistek, aldatu beharra zegoela. Guk ez bagenuen aldatzen, gizarteak aldaraziko gintuela.

Porrotaren ostean, zer?
Porrotaren arrazoiak asko dira eta erronka asko ditugu. Batetik, krisi sakonean murgilduta gaude. Sozialdemokraziaren funtzioa izan da kapitalismoak sortzen zituen desberdintasunak leuntzea. Baina, une honetan, kapitalismoak porrot egin du eta, ondorioz, sozialdemokraziak ere porrot egin du, bere funtzio historikoak ez dauka zentzurik. Sistema ekonomiko eta politiko justu bat lortzea da sozialismoaren erronka nagusia orain. Eta horren arabera, beste hainbat kolektiborekin batera sistema berritu behar dugu edo sistema berri bat sortu, hazkunde justua bermatuz. Bestetik, gizartea aldatu da asko, baina azken mende erdian ez ditugu erakunde publikoak, alderdi politikoak… berritu. Neurriak jarri behar ditugu egoera berrira egokitzeko. Gardentasun neurri erradikalak bultzatu, baita eztabaida kritikoa ere… Azkenik, neurriak jarri behar ditugu herritarrek beren ordezkari politikoak hobeto kontrolatzeko. Egiturazko erreformak behar ditugu egungo legedia aldatzeko. Ausardia behar da.

Euskal Autonomia Erkidegoko edo Nafarroako sozialisten Ferrazekiko mendekotasunak ez dizue kalterik egin?
Ez dut uste arrazoi erabakigarria izan denik. Kontuan izan, duela sei urte eskas, oso emaitza onak lortu genituela eta orduan ere mendekotasun berdina geneukan PSOErekiko. Jakina, hori ere aldatu edo berritu daiteke, baina, batez ere, gizartean eman diren aldaketei heltzeko, betiere, gardentasuna eta espiritu kritikoa bultzatuz.

Ze ekarpen egingo lioke Madina euskal sozialistak PSOEri?
Beste ikuskera bat emango lioke alderdiari. Esaterako, ikusten da azkenaldian asko erradikalizatu dela politika Katalunian edo Euskadin eta Madinak beste ikuskera bat emango lieke errealitate horiei eta espainiar politikari, oro har. Espainiaren askatasuna eta estatu ezberdintasuna ulertzen ditu. Herri berri bat sortuko luke. Almuniaren une laburraz gain, beste euskal sozialistarik ez da egon PSOE zuzentzen.

PSOEren idazkari nagusia izan behar da Espainiako kongresuko hautagai nagusia?
Horrela izan da beti, baina ez daukat iritzi konkreturik horren gainean. Halere, Madinak iragarri du PSOEren hautagaia aukeratzeko alderdiaren hauteskundeetan parte hartzeko aukera emango diela herritar guztiei, militante sozialista izan ez arren.

Erabakitzeko eskubidea, autodeterminazio eskubidea, herri galdeketa…, Katalunian eta Euskal Herrian presente daude. Ze iritzi daukazu horren gainean?
PSOEn iritzi askotarikoak daude honen gainean eta gardentasuna eskatzen diet beste alderdiei ere. Esaterako, uste dut CIUk eta EAJk ez dutela zuzen eta garden berba egiten. Ez dutela esaten independentziaren alde dauden ala ez. Berriz, badakigu ezker abertzaleak zer nahi duen, argi dio: Euskal Herri independente bat nahi du. Hori, nire ustez, ez da gure herriarendako egokiena. Nire posizioa garbia da. Beste batzuena ez da horren garbia. Kanadan gardentasun lege bat sortu zen honelako arazoei irtenbidea emateko. Herritarren %80ak Espainiatik irtetea nahi badu, ezin zaio horri eutsi. Irtenbidea aurkitu behar zaio. Eztabaida honi errotik heldu behar zaio, baina guztiak erretratatu behar dira.

Zeinen esku dago erabakia?
Une honetan, espainiar herritar guztien eskuetan. Halere, Rubio Llorente konstituzionalistak dio Konstituzioak ahalbidetzen duela, esaterako, katalanek beren etorkizunaren gaineko herri galdeketa egitea. Bideak aurkitu behar dira eta, horretarako, denek argi berba egin.

Podemos fenomenoa zela ulertu behar dugu?
Alderdi sozialistaren arazoa da berandu diharduela. Gaur egun planteatzen ari garen aldaketak beharrezkoak ziren duela hiru urte. Hauteskundeetan boto baliogabe edo zuri asko zeudela ikusten genuen, baina alderdiko behatzaileek zioten hori normala zela, beti egon izan dela… Baina datu horiek argiak ziren eta ikusi dugu azkeneko hauteskundeetan jende asko dagoela gaur egungo sistemarekin haserre dagoena eta egiazko alternatiba bat eratu denean jendeak aintzat hartu du. Hori da alderdi sozialistaren arazoa, benetako aukera bat eratu dela ezkerrean. Duela hiru hilabete ez genekien Podemos benetako aukera zenik. Orain badakigu. Hortaz, PSOEk aldaketa nabarmenak egin arren, denbora beharko dugu sinesgarritasuna irabazteko. Une honetan daukagun arazoa da gizarteak ez dituela gure proposamenak aintzat hartzen, ez dituelako entzun nahi. Ez daukagu sinesgarritasunik gizartearen aurrean.

IU, PSOE eta Podemosen arteko elkarlanik posible ikusten duzu?
PSOEk harreman berriak sortu behar ditu gizartearekin. Sistema politiko eta ekonomikoa berritzeko proposamen eta elkarlan berriak behar dira. Deskonektatuta edo estaldurarik barik egon gara. Aipatu dituzuen alderdi horiekin bai, baina baita beste gizarte mugimendu batzuekin ere harremanak izan behar ditugu, haiengana hurbiltzea beharrezkoa da. Gizartea aldatzen dago eta PSOEk antenak ez ezik, pertsonak ere izan behar ditu gizarteko kolektiboetan. Espainiako herritarren %26 pobrezian dago. Botinekin gutxiago eta beste herritar horiekin gehiago egon behar du PSOEk.

Urte bi eta erdi joan dira ETAk armak utzi zituenetik. Rajoik egindakoa baino gehiago egin beharko luke bakegintzari dagokionez?
Rajoik ez du ezer nabarmenik egin, beste alde batera begiratu du, urratsik eman barik. Arazoak berez konponduko balira. Ez kartzela politikari dagokionean eta ezta sinboloei edo keinuei dagokienean ere. Ardura barik ari dira. Pentsatuko du kontu hau ez dela espainiar herritarren interesekoa eta, horregatik, jokatzen du modu horretan. Azken lau hamarkadatan terrorismoarekin amaitzeko horrenbeste lan egin denean, azkeneko bi urteotan ezer ez egitea tristea da.

Bizikidetzari dagokionean aurrerapenik ikusten duzu euskal gizartean?
Nik uste dut baietz. Terrorismoak oztopatzen zuen ezberdinon arteko bizikidetza. Orain, oso azkar konpondu dira hainbat harreman pertsonal.

Zertan diharduzu une honetan?
Militante moduan jarraitzen dut PSE-EEn, baina nire lanbideari, hedabide batzuetan parte hartzeari eta familiari eskaintzen diot denbora eta oso pozik nago horrela. Enpresa txiki eta ertainei zerbitzuak eskaintzen dizkiegu: kudeaketa aurreratuko sistemak, batik bat. Kudeaketa, administrazioa, marketina, pertsonak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak