Musakolako igerileku txikia berriro zabalik, txirrista barik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko uzt. 1a, 17:29

Sorosleak igerileku txikiena ixtea erabaki zuen astelehen arratsaldean.

Astelehen arratsaldean Musakolako igerileku txikiena itxi egin behar izan zuten zenbait umek zauriak izan zituztelako. Bertan jarritako txirrista berriak eragin zituen zauri gehienak, Udaleko Kirol Zerbitzuaren arabera. Horrez gain, zoruko baldosa txikietako apurketek ere eragin zituzten zaurietako batzuk. Martitzen goizean igerilekua hustu eta zoruan aurkitutako pitzadurak konpondu zituzten; beraz, berriro ere zabalik dago, baina txirrista barik. Tobogana jarri zuen enpresari erreklamazioa jarri dio Udalak eta orain erantzunaren zain daude. Bestalde, honakoa dio zauritua izan zen ume baten amak: "Ezin dezakegu gure umea igerilekuan beldurrarekin sartu".

Igerilekuetako erabiltzaile baten arabera, udako kanpaina hasi zenetik egon dira arazoak: "Sanjuanen aurretik, kanpoko igerilekuak ireki ziren egun berean, baldosa txiki horietako bat atera zidan haurrak. Ni egon ez nintzen egun baten ere itxi zutela entzun dut, 14 zauritu egon zirela-eta. Zauriak ez dira larriak, unean bertan garbitu eta betadine apur batekin osatzen dira. Baina hainbat kasu eman dira; atzo egon ginen eta momentu baten ilara zegoen erizaindegian. Sorosleak, hori ikusita, igerilekua ixtea erabaki zuen". Astelehen arratsaldean itxi zuten igerileku txikia, 18:00ak aldera.

Kexa bateratua jartzeko asmoa

Horren aurrean kexa bateratu bat jartzekotan geratu ziren: "Ezin dezakegu gure umea igerilekuan beldurrarekin sartu eta udako abonua ordainduta dugu dagoeneko. Guraso batzuk kexa bateratu bat jartzekotan geratu ginen baina ikusiko dugu hurrengoan joaten garenean nola dagoen kontua. Nik oraindik ez dut kexarik jarri".

Txirrista berriaren errua

Udaleko Kirol Zerbitzuaren arabera, astelehen arratsaldeko zauri gehienak txirrista berriak eragin zituen: "Txirristaren amaieran pitzadura bat zegoen eta horrek eragin zituen zauri gehienak. Tobogana kentzea erabaki dugu eta erreklamazioa jarri diogu enpresari, ez da-eta normala honezkero apurtuta egotea. Euren erantzunaren zain gaude", diote.

Kiroldegiko mantenuaz arduratzen diren langileek gaur hustu dute igerileku txikia berriro ere erabilgarri uzteko: "Lau hanketan ibili dira igerileku guztia berrikusten. Aurkitu dituzten apurketa txiki guztiak konpondu dituzte, baina ezin dugu ziurtatu berriro gertatuko ez denik, zoritxarrez. Datozen egunotan soroslea bereziki egongo da gainean, ea ez den berriro gertatzen..."

Zoru berria aldatzeko nahia, "aspaldikoa"

Udalak baldosa txiki horiek "aspalditik" kendu gura izan ditu: "Aurten inbertsio bat genuen aurreikusita. Aurrekontuak eskatzen hasi ginen eta azken momentuan gure interesekin bat zetorren irtenbide bat aurkitu genuen. Hau da, baldosa txiki horiek betirako kendu eta lurra leundutako zementuaren utziko zuen obra. Horren ezean, baldosak estaltzea da beste aukera bat. Proposamen hori maiatzean heldu zitzaigun eta beraz, ez zuen denborarik ematen igerileku guztiak egiteko. Egin zutena da materiala igerileku txikiaren erdialdean bakarrik aldatu. Hala, proba moduan ere erabiliko dugu". Kiroldegiko arduradunen arabera, konpontzeko zailenak dira baldosa txikietan ematen diren apurketak; ez baldosa horiek lekutik irteten direnean: "Orduan erraz ikusten da, bestela oso zailak dira detektatzen".

Zoru berriak irailera arte itxaron beharko du

Arriskuaz aparte, mantenurako askoz deserosoagoak dira baldosa txikiak: "Ez dut banan-banan esango, baina bai ondo errebisatzen direla. Batzuk falta direnean ez da erreza ordezkoak bilatzea, oso leku gutxitan saltzen dira... Urtero errebisatu eta garbitzen ditugu azido berezi batekin; azido hori presio bidez isurtzen dugu eta orduan ere baldosatxo batzuk altxatu egiten dira. Horiek berriro jartzen dira, berriro garbitu... Buruhauste handia dira guretako, hori ziurta dezakegu", adierazi dute kiroldegiko arduradunek.

Zoru berria aurten jartzeko asmoa bazegoen ere, irailean hasi beharko dira lanekin. Lanak esleitzeko prozesua atzeratu izana da obraren atzerapenaren arrazoi nagusia: "Izugarri kostatu zitzaigun gure gustukoa zen proposamena jasotzea, eta heldu zenerako beranduegi zen. Horregatik lanak irailean hasi beharko dira; gutxienez bi igerileku txikietako zoruak aldatu gura ditugu datorren urterako".

"Astelehenekoa ez zen normala izan"

Ezin da ahaztu igerilekuak jende askok erabiltzen duela eta zauriak behin baino gehiagotan eman izan direla. Hala ere, astelehenekoa salbuespena izan zen: "Atzokoa [astelehenekoa] ez zen normala izan. Horregatik hustu dugu gaur igerilekua eta esku-hartze berezia egin. Aurkitu diren apurketa txiki guztiak konpondu dira, guk uste dugu konpondu dugula. Baina arazoak jarraitzen badu beste zerbait pentsatu beharko dugu. Era berean, esan beharra dago pultsera zatiak ere aurkitu direla eta horrek zauriren bat ere eragin zuela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak