Garai bateko aztarnen bila arituko dira gaurtik Lezetxiki koban

Irati Goitia 2014ko eka. 30a, 09:39

Euskal Herriko zein kanpotik etorritako hogei lagun arituko dira Lezetxikin indusketetan uztailaren 19ra bitarte. Aurtengoa urte oparoa izango dela uste dute.

"Iazko kanpaina oso oparoa izan zen. Aurreko hiru kanpainetan beste atera genuen. Aurtengoa ere horrelakoa izango dela uste dugu. Izan ere, joan zen urteko mailan jarraituko dugu induskatzen eta nahiko material azalduko dela pentsatzen dugu", adierazi du Alvaro Arrizabalaga arkeologo eta Lezetxikiko indusketetako arduradunak.

Gaur ekingo diote Arrasateko Lezetxiki kobako indusketei, beste urte batez. Urtero etorri ohi dira uda sasoian. Eta gaurtik uztailaren 19ra bitarte hogei lagun arituko dira aztarnategian lanean, bertakoak zein kanpotik etorritakoak dira. "Oso pozik gaude bueltan garelako", esan du Arrizabalagak.

Azkenengo urteotan kobazuloan gizakiak izandako presentzia zalantzan jarria zegoen, baina joan den urtean egindako aurkikuntzekin berriro argitu da gaia. "Lezeetako hartzen hezurdurak aurkitzen genituen batez ere, baina iaztik berriro hasi ziren ugaltzen harrizko tresnak eta baita ere ehizatutako animalien hezurdurak. Horiek hautsita daude, hezur muina aterako", zehatu du Arrizabalagak.

Bestalde, arkeologoak dio Lezetxikiko indusketak ez dutela luze joko: "Laster amaituko dugu hemengo lanekin, baina ez dut uste aurten izango denik. Badirudi kobazuloak beste metro eta erdi edo bi metro jarraitzen duela". Gainera, aztertzen dabiltzan maila oso oparoa da eta horrek lana moteltzen du. "Dentsitatearen arabera aldatzen da lanaren erritmoa. Guztiz antzua bada, nahiko azkar garbitu daiteke. Material arkeologikoa aurkituz gero, ezin da horren bizkor joan. Normalean, 50 zentimetro edo 60 egiten dira kanpaina bakoitzean".

Diru laguntzak

Aldundiak 150.000 euro bideratu ditu Gipuzkoako indusketetara, tartean, Lezetxikira eta Aitzorrotzera. "2012a oso urte txarra izan zen, asko jaitsi zirelako laguntzak. Iaz pixka bat berreskuratu genuen eta aurten berriro galdu dugu apur bat", dio Arrizabalagak. 5.000 euroko laguntza jaso dute Aldunditik. Hori udaletxetik eta Kobateko harrobitik jasotzen duten diruaz osatzen dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak