Beñat Flores: "Aurtengo promozioa oso interesgarria izan da, badaude argitaratzeko moduko lanak"

Ane Elordi 2014ko eka. 27a, 13:02

Beñat Floresek, Aitana Duque eta Maider Juaristirekin batera, Kimu Berri lehiaketako sari nagusia irabazi du. Hirukoteak aurreskuaren inguruko ikerketa lana burutu du, eta dantza hori oinarri hartuta ikus-entzunezko bat sortu dute. Eusko Jaurlaritzaren kultura sailerako egindako proiektua da, eta ondare ez materiala lantzea dauka helburu, besteak beste.

Gradu Bukaerako Lana aurkeztu duzue Kimu Berrira.
Bai, Eusko Jaurlaritzarentzat egindako lana da, eta ondare ez materiala aztertzen du, zehazki, aurreskua. Hori lantzeko bi azterketa egin ditugu, euskal kultura ondare ez material bezala, nahiko kontzeptu abstraktua eta berria dena. Horregatik, jendeak uler dezan, gaia Euskal Herrira ekartzea eta gertuko bilakatzea erabaki genuen, eta aurreskua aukeratu genuen horretarako.


Zergatik aukeratu zenuten aurreskua?
Euskal Herri osoa bilduko zuen gai bat nahi genuen, eta aurreskua aproposena zen. Gainera, dokumentazio lana egiten, jakin genuen Unescok tangoa Gizon-emakume guztien ondare sailkatu zuela; eta aurreskuarekin tangoarekin egin den antzeko zerbait egitea  motibagarria iruditu zitzaigun.


Dantza gertukoa duzue?
Ez bereziki. Egia da Maider dantzaria dela eta euskal dantzen talde batetan urte asko daramatzala. Hala ere, guztiontzat da gustuko gaia eta motibatzen gaituena, horregatik aukeratu genuen. Hain zuzen ere, gaia aukeratzerakoan ez dugu gugan pentsatu, euskal gizartearen interesekoa izan daitekeen begiratu dugu, publikoaren gustukoa.


Zein izan da proiektuaren helburua?
Eusko Jaurlaritzak zuen beharrizanetako bati erantzutea zen helburua. Beraiek argi zuten dokumental bat nahi zutela, eta gu gure lana ahalik eta ondoen egiten saiatu gara; eta lana erabiliko duelakoan gaude.


Kimu Berri saria jasotzea espero zenuten?
Inola ere ez. Aurten ikasleok aurkeztu ditugun lanek maila oso altua izan dute, eta pozik gaude saria irabazi izanagatik. Aurtengo promozioa oso interesgarria izan da, badaude argitaratzeko moduko lanak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak