Aurrez aipatutako agintariekin batera, ekitaldian izango dira Ekonomia, Garapen eta Lehiakortasunerako sailburu Arantza Tapia, euskal enpresa sarearen ordezkariak, unibertsitateetakoak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sare osokoak.
Abangoardiako teknologiak ikertzen
1974an sortu zen IK4-Ikerlan zentro teknologikoa. IK4 Aliantza Teknologikoko eta Mondragon Korporazioko kidea da, eta lau hamarkada hauetan izan duen eginkizun nagusia abangoardiako teknologiak ikertzea izan da, ezagutza hori euskal enpresei transferitzeko eta, horrenbestez, horien produktu eta zerbitzuen lehiakortasuna handitzen laguntzeko.
Arrasaten eta Gasteizen ditu egoitzak, eta espezializazio maila altua sei eremu handitan: sistema txertatuak, potentziako elektronika, mikroteknologiak, energia, mekatronika eta fabrikazio aurreratua.
Zentroak, bere historian, 2.000 I+G+B proiektu baino gehiago egin ditu, 500 milioi euro baino gehiagoko balio metatuarekin. Egun, enpresekin egiten duen lanari esker –sortu zenetik, ehunka enpresekin aritu da lankidetzan berrikuntzak egiten–, IK4-Ikerlanen sarreren %60 enpresekin zuzenean egiten duen kontrataziotik dator. Euskal zentroa erreferentziazko eragilea da Europako esparruan ere: I+G+B bultzatzeko Europako ekimen nagusietako protagonista da eta 200 proiektu baino gehiagotan hartu du parte.
Egin dituen I+G proiektuen barruan, Orona, Acciona, Alstom, Caf edo Fagor Arrasate enpresentzat eta hainbat sektoretako liderrentzat egindakoak daude. Hona hemen zentroak enpresentzat egin dituen kasu arrakastatsuetako batzuk.
'Ura edaten duzunean, izan gogoan iturria'
IK4-Ikerlaneko lehendakari Iñaki Aranburu Uda edaten duzunean, izan gogoan iturria txinatar esaeraz baliatu da zentroaren historia ilustratzeko. "Gaur urteurren hau ospatzen ari bagara IK4-Ikerlanen lan egiten duten pertsona guztien ahaleginari enpresen konfiantza gehitu zaiolako da, Mondragon Korporazio, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundi, Estatuko Administrazio Orokor eta Europar Batasunetik jasotako babesarekin batera", adierazi du.