Elena Lanuza: "Gutxi kostatzen zaigu neskak motibatzea, berez gogoz datoz eta"

Julen Aperribai 2014ko eka. 19a, 12:00

Elena Lanuza, Dragoi taldeko gimnasta gazteekin.
Arrasateko Dragoi gimnasia taldeko entrenatzaileetako bat da Elena Lanuza (Arrasate, 1978). Dragoi taldea primeran ezagutzen du, urte asko daramatza-eta klubean. Berriki, emaitza onak lortu dituzte Dragoi taldekoek Espainiako txapelketan. Harekin hitz egin dugu klubaren eta kirol honen inguruan.

Kirolari izatetik entrenatzaile izatera pasatu zinen. Zergatik?

Oso gustuko dut kirol hau. Bere garaian nire entrenatzailea zen eta oraindik ere taldean jarraitzen duen Arantzazu Zubiak animatu ninduen klaseak ematen hastera, uzteko erabakia hartu nuenean. 18 urte nituen utzi nuenean eta Arantzazuk emandako aukerari baiezkoa eman nion. 

Espainiako txapelketan hainbat domina eskuratu dituzue. Esperotako emaitzak izan dira?

Sorpresa handia izan da guretzat. Dominaren bat lortzeko esperantza genuen, baina inolaz ere etxera hiru dominarekin itzultzea. Maila handia zen, eta geroz eta partaidetza handiagoa dago Espainiako txapelketan. Neskek txapelketa bikaina egin zuten, ia akatsik egin gabe, eta emaitza ere halakoa izan zen. Oraindik burutik kendu ezinik gaude.

Nola prestatzen dituzue horrelako txapelketak?

Entrenamenduak bi bloketan banatzen ditugu: alde batetik, fisikoki prestatzen ditugu; bestetik, alde tekniko edo espezifikoagoa ere lantzen dugu. Koreografia prestatzen hasten gara, betiere, indarra, erresistentzia eta flexibilitatea landu ondoren. Gero, koreografia hobetzen dugu zailtasun handiagoko mugimenduak sartuta.

Valentziako txapelketan kontzentrazioan zeundetela ere entrenatzen zineten?

Bai. Egubakoitzean entrenamendu ofiziala egin genuen. Autonomia erkidego bakoitzak denbora bat du ariketa kopuru bat egiteko. Denbora hori aldatu egiten da talde batetik bestera, bakoitzak egingo duen ariketa kopuruaren arabera.  Gutxi gorabehera, ordubetez entrenatzen da. Horren ondoren, zapatuan hasten da benetan txapelketa. 

Kirol honek sakrifizio handia eskatzen du. Nola daramate hori gazteek?

Entrenatzen ordu asko pasa behar dituzte, eta gogorra da batzuetan. Hala ere, Dragoi taldean daudenak oso gustura etortzen dira entrenatzera. Izan ere, gustatzen zaien eta denbora librean egiten duten jarduera bat da, eurek nahi dutelako daude hemen. Beraz, oso gutxi kostatzen zaigu haiek motibatzea, berez gogo handiz datoz-eta. 

Entrenatzaile moduan zein da zure funtzio nagusia taldean?

Taldean dauden nesken artean kirol honen balio positiboak zabaltzen saiatzen naiz. Gimnasian errealitatea benetan nolakoa den ikus dezaten nahi dut. Emaitza onak lortzeak ahalegina eskatzen duela esaten diet, adibidez, edota kiroltasunezko jarrera izaten erakusten diet, bai gainontzeko lehiakideekiko eta baita entrenatzaileekiko ere. Orokorrean, kirolari batek izan behar dituen balioak dira.

Zu ez zara taldeko entrenatzaile bakarra. Zuetako bakoitza gauza desberdin batez arduratzen da?

Gaur egun, bost gara taldean gauden entrenatzaileak, eta nibelaren eta adinaren araberako taldeak ditugu eginda. Ni kirol aerobikoa egiten dutenen eta eskola mailan lehiatzen direnen kargu nago. 

Urtean zehar txapelketa asko izaten dituzue? Badago jarraitutasuna izateko adina txapelketa?

Euskal Herri mailan oso lehiaketa gutxi daude. Lehiatu nahi duenak kanpora joan beharra du. Asteburuan, esaterako, L'Hospitalet-eko torneo batean izan gara. Neskek jarraitasuna izan dezaten horrelako irteerak egin beharra dago. Hemendik atera gabe zaila da jarraitutasun hori izatea. Euskal Herrian kirol aerobikoa egiten duten hiru klub soilik daude, bakarra probintzia bakoitzean. Nahiago genuke gehiago lehiatzeko aukera izatea. 

Talde-lana eta taldekideen arteko koordinazioa oso garrantzitsuak dira. Taldekideen artean giro ona izateak beti laguntzen du, ezta?

Bai, funtsezkoa da hori. Gimnastek elkarren artean eta entrenatzaileekin  giro ona behar dute. Bidaiek laguntzen dute hori lortzen, neskek harreman estuagoa izatea eta talde espiritu handiagoa edukitzea lortzen baita. Txapelketak eta entrenamenduak baliagarriak dira horretarako. Horretaz gain, beste jarduera batzuk egiten ere ahalegintzen gara. Afariak eta antzekoak egiten ditugu, euren arteko erlazioa estutzeko. 

Lesio asko izaten dira?

Bai; beste kirol askotan gertatzen den moduan, honetan ere presente daude. Lesio ohikoenak orkatilako bihurrituak eta zuntz-hausturak dira. 

Taldean gimnasta beteranoak ere badaude?

Gimnasia erritmikoko taldean 5 urterekin hasten dira eta zaharrenak 21 ditu, oker ez banago. Klub berean adin askotariko jendea elkartzen da, beraz. Hori aberasgarria da. Helduenek duten lan egiteko moduak eragina du gazteenengan. Helduenen taldea konprometitua eta saiatua bada, gazteenen erreferentzia bihurtuko dira. Horregatik da garrantzitsua adin guztietako jendearekin lan egitea. 

Zein dira gimnasta on batek izan behar dituen ezaugarriak?

Hiru aipatuko nituzke: malgutasuna, indarra eta hobetzeko gogoa. Ezaugarri horiek hobetu eta entrena daitezke beti, baina komenigarria da berez horietan abila izatea. Beti hobe daiteke, baina baldintza jakin batzuk eskatzen dituen kirola da. Beste kirol batzuetan gertatzen den moduan, hemen ere hutsetik hastea baino hobe da ezaugarri on batzuk izatea.

Zein txapelketa dituzue orain ?

Denboraldiaren amaieran gaude jada eta agenda ez dugu oso betea. Asteburuan kurtso amaierako gimnasia erritmikoko erakustaldia eta L'Hospitalet-eko torneoa izan dira. L'Hospitalet-ekoan kirol aerobikokoek hartu dute parte eta erakustaldian gimnasia erritmokoek bakarrik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak