Iaz Mondragon Unibertsitateak egin zuen halako lehenengoa, eta aurten, Arrasateko Udalak bat egin du iniziatibarekin. Baina ez Udalak bakarrik: antolatzaile gisa, Arrasate Geroa Ganoraz, Eures, Lanbide eta Eusko Jaurlaritzak ere hartu dute parte; eta azokan izango direla baieztatu dute, lerro hauek idazteko unean, 45 enpresak.
Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizarrek eta MUko errektore Josu Zabalak elkarlanaren garrantzia azpimarratzen dute; alkateak honela dio: "Ezin gara nor bere aldetik ibili; unibertsitateak, langileak, udalak, enpresak, erakundeak… Esparru zabala izan behar da". Azokan izango diren enpresak sektore askotakoak dira, eta Debagoien eta Euskal Herri osokoak: Fagor Arrasate, Fagor Ederlan, Danobat Group, Laboral Kutxa, Irizar, Debagoieneko hainbat ikastetxe, Cikautxo, IK4-Ikerlan eta beste asko.
MU bat dator asmo horrekin eta honakoa gaineratzen du Josu Zabalak: "Helarazi behar dugu hemen unibertsitate bat daukagula, eta jendea eta ezagutza hemen gelditzen dabiltzala. Unibertsitatea herriari, lurraldeari eta Euskal Herriari begira dago. Harremana erabatekoa izan behar da". Bailarako udalekiko harremana "beti ona" izan dela eta Arrasateko Udalarekiko elkarlana "pozgarria" dela gaineratzen du errektoreak.
Aurten, leku aldaketa
Herriko langabezia tasarekin –%16– kezkatuta dago Udala, eta Fagor Etxetresnen gainbehera izan zen zerbait egitera bultzatu zuen azken gertakaria. MUrekin harremanetan ipini zen, enplegu azoka elkarrekin antolatzeko.
Lan bila dabiltzanek, ikasketak bukatzen dabiltzanek, curriculumak idazten edo elkarrizketak prestatzen ikasi gura dutenek… horiek guztiek dute hitzordua azokan. Azkarragaurizarren hitzetan, "azoka erakusleiho bat izango da ez bakarrik langabeendako, baita gauzak aldatu gura dituztenendako ere".
Zabalak gaineratzen duenez, MUko ikasleen enplegu-tasak "oso altuak izan dira eta oraindik onak dira, baina langabezia lehen baino gehiago igartzen da". Iazko esperientziak "aurreikuspenak gainditu" zituen eta, oraindik beharra dagoela ikusita, aurten berriz antolatzea erabaki zuten. Hori bai, aurten beste leku baten izango da: iaz, MUren Arrasateko campusean izan zen, eta aurten, Eskolak Garaia gunean duen eraikinean.
Bost minutuko elkarrizketak
Azokak lau zati izango ditu: batetik, lan-poltsetan izena emateko gunea egongo da. Hor izango dira MUko Enplegu eta Orientazio Zerbitzua, MUko Lan Poltsa eta MUkide, ikasleendako; eta azokara doazen guztioi irekitako beste hauek: Novia Salcedo Fundazioa, Infoempleo, Debagoieneko Enplegu zerbitzua, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu zerbitzua, Eures, AFM…
Bigarrenik, enpresendako gunea izango da. Enpresak hor ordezkatuta egongo dira, eta norberak bere curriculuma uzteko aukera izango du.
Elkarrizketa gunea ere ipiniko dute. MUko ikasle eta ikasle ohiek enpresekin bost minutuko elkarrizketak egin ahal izango dituzte. CVa utzi behar dute horretarako.
Azkenik, formazio gunea ere izango da. Lanik gabe daudenendako edo hobeto formatu gura dutenendako, MUk bere eskaintza azalduko du.
Aurtengo beste berritasun bat hauxe da: azokaz gain, eta azoka egun aurretik, enpleguarekin zerikusi zuzena duten hainbat hitzaldi izango dira. Hilaren 16tik 18ra izango dira, 18:00etan, eta Udalak Kulturate utzi du horretarako. Interesa duen edozein joan daiteke. Sare sozialetan norberaren profila edo aurkezpen txartela nola egin, elkarrizketak eta CVak nola prestatu… horrelako gaiak landuko dituzte.
Antolatzaileek azpimarratzen dutenez, CVak aurrez uzteko aukera dago, honako lekuetan: MUn, Novia Salcedo Fundazioan edo Mankomunitateko Orientazio zerbitzuan.
Milioi erdi euro
Arrasaten enplegua sustatzeko Udalak egin duen plan orokorraren barruan dago Lanbai azoka antolatzen laguntzeko erabakia. Alkatearen hitzetan, "testuinguru gogor batean etorri da hurbilketa hau", eta plan hori "elkarlanean dago oinarrituta". Denetara, 500.000 euro kudeatuko ditu Udalak enplegu plan horretarako, eta hainbat ekintza egingo ditu.
Hala, Saiolanekin, titulatu berriendako beka programa lantzen dabil; datozen asteotan jakinaraziko dute zertan datzan, zehazki. Saiolanek tutoretza emango du. Alkateak dioenez, "Oñatiko ereduan" inspiratu da eta, han egin den moduan, "Udala gehiago inplikatuko" da herritarrekin.
Beste lerro bat kontratazio zuzenak izango dira, Udalaren beharretarako. Lanbiderekin eta Foru Aldundiarekin jardungo dute langabeak kontratatzeko.
Bestalde, irailean, 50 langile baino gutxiago duten enpresei kontratatzen laguntzeko lerroa jarriko da martxan; "erronka handia", alkatearen esanetan.
Oro har, enplegu plana aurrera eroatea ere erronka da, "baliabide mugatuak" baititu Udalak, baina hala ere horren aldeko apustua egitea erabaki du.
----------
Non eta noiz
Lanbai azoka
Non: MUko Goi Eskola Politeknikoak Garaian duen eraikinean.
Noiz: Ekainaren 19an, eguena; hitzaldiak hilaren 16tik 18ra.
Ordutegia: 15:00-19:00.