"Musikomio sateliteko biztanle amorratua" zarela diozu Twitter-eko kontuan.
Batetik da keinu bat: garai batean psikiatrikoan egon nintzen, bertako gaixoekin lanean; bestetik, murgilduta nago musikan, esparru desberdinetan: sorkuntzan, musika eta dantza uztartzen, irakaskuntzan, ekoizpen lan batzuk ere egindakoa... Hainbat momentutan zorabio moduko bat sentitzen da: "Zeri heldu? Dena interesatzen zait...". Eta "sateliteko biztanle amorratua", ze sentitzen duzu hor parte zarela, baina agian une batean aldendu nahi duzu apur batean, baina ezin. Horregatik satelitea: amets eta proiektu berriak, gauzak egiteko gogoa bai, baina momentu batean ezin guztietara heldu.
Ze proiektu dituzu oraintxe?
Fakultatean lan egiten dut duela sei urtetik [nahiz eta 1991n hasi Irakasle Eskolan, jardun osoko lan gisa izan ez arren]. Eta ari gara hezkuntza artistiko transdiziplinarrari buruzko proiektu oso interesgarri batekin. Uztarketa bat egiten ari gara; hezkuntza artistikoaren inguruan dauden musika, dantza, kultura bisuala, drama, eszena... denak batera hartuz materia batzuk sortzen ari gara, ez bakoitza bere aldetik hartuta. Proiektu berezia da eta hori antolatzen ari gara hiru bat urtean. Oso gustagarria da niretzako, eta oso iraultzailea, ze Estatuan ez dago halako proiekturik duen fakultaterik. Eta, bestetik, ikerketa alorrean ari naiz, koordinatzaile lanak egiten. Eta zaletasun modura, tarteka egiten ditut kantuak, dantzak... Azkena, adibidez, Zigorrolako jaietarako egindako kantua eta musika.
Huhezi-k aukera ematen du bide berriak jorratzeko, irakaskuntzan ere sormenerako, ezta?
Bai, erabat. Berrikuntzaren laborategi bat da hau. Ikusten dugu gizarteak zer behar duen, eta aztertzen dugu apostu horiek egiteko ze bide jorratu.
Zure kasua izango da eta: jakin-mina eta kezkak dituen pertsonarentzat leku aproposa, hortaz.
Oso. Hau izan da niretzako ikasteko aukera, gune, onenetariko bat. Izan ere, esanda moduan, hainbat gauza interesatzen zaizkit, elkarrekin loturak dituztenak: hezkuntza lotuta dago psikologiarekin, gizartearekin, komunikazioarekin, hezkuntzaren irakaskuntzarekin... Oso esparru zabala jorratzen dugu hemen, eta gustura sentitzen naiz.
Aipatu duzu azkena egindako kantua; zureak dira, baita ere, Errementari dantza eta Txarridantza. Zer sentitzen da ikustean zuk egindako kantuak herriko jaietako ikur bilakatu direla?
Lehenengo sentsazioa da harrotasuna: nolako zortea izan dudan hainbat obra konposatu eta jendearentzako gustagarri izatearekin. Ematen du egon dela konexio bat. Ohitura bihurtu da: urtero egiten da, jendea animatzen da entseatzera, parte hartzera... Bestetik, gogora etortzen zaizu nola sortu zen proiektu hura. Eta beste sentsazio bat da kantu bat sortzen duzunean zurea dela, baina une batean delegatu egiten duzula: da herriko musika herriarentzako. Norberak sortutakoa izan arren, obra horrek bizitza propioa hartzen du.
Hemen bakarrik ez, Gasteizen ere egin ei dute Errementari dantza.
Bai, eguaztenean. Udal Folklore Akademiatik deitu ziguten, ikasturte amaierako jairako nahi zutela eta, antzokirako moldatuta, bertsio txikiagoan. Printzipal antzokian izan zen, haurrek egin zuten, eta oso ondo. Eta Gasteizko jaietan ere egingo dute, Matxete plazan, nagusiek.
Besteak beste Down sindromea dutenek musika ikasteko metodo berezia proposatuz tesia egin zenuen, saritua izan zena, gainera. Aplikatu da urteotan? Emaitza onak eman ditu?
Esperientzia horrekin hamar urte egin nituen Arrasate Musikalen, hainbat pertsonarekin, denak zoragarriak. Eman baino askoz ere gehiago ikasi nuen. Eta, bestalde, oraindik ere aplikatzen ari dira Arrasate Musikalen metodologia hori; eta beste musika eskola batzuetan ere ari dira hura oinarri hartuta euren metodologia garatzen. Eta hori oso pozgarria da.