Euskara galdu zen, eta berreskuratu

Miren Arregi Amasorrain 2014ko eka. 14a, 00:00

Carlos Errasti, Assa Ikastolan, ikasleekin.
Lapuebla de Labarcan ospatuko da domekan, hilaren 15ean, aurtengo Araba Euskaraz. Assa Ikastolak, hirugarrenez du Arabako ikastolen aldeko jaia antolatzeko ardura. Mugan bizi, bizi lelopean ospatuko da hori, eskualdean euskararen ezagutza eta erabileraren areagotzearen erantzule den ikastolaren eskutik. Izan ere, Arabar Errioxako Ikastolek egindako lanari esker, duela 30 urte baino euskaldunagoa da orain Errioxarekin muga egiten duen eskualde hori.

Galera eta berreskuratzea

Guraso eta auzokide batzuen iniziatibaz sortu zen Assa Ikastola 1977an; euskararen galera modurik gordinenean gertatutako lurraldean, haren berreskuratzea helburu bezala hartzen delarik. 30 urte geroago, emaitzak ikusi egiten dira: "Ni hona ailegatu nintzenean kalean euskaraz entzuten nuen bakoitzean buelta ematen nuen zintzuk ziren ikusteko. Momentu honetan 40 urtetik beherako pertsona batekin elkartu eta euskaraz eginez gero, ulertu eta erantzuteko gai dela esango nuke". Carlos Errastirenak dira hitzok. Arrasatearrak, 28 urte daramatza Assa Ikastolan lanean eta dio, bilakaera oso positiboa izan dela: "Ikasle ohi horien seme-alabak dauzkagu orain ikastolan... ". 

Urte osoko lana 

Eguraldi ona espero dute domekan Lapuebla de Labarcan eta badakite hori dela arrakastaren oinarrietako bat. Bestea, urtean zehar egindako lana: "Ikasturtea zoratzeko modukoa izan da. Lan itzela izan dugu. Baina prestaketa lanetan izan ditugun ekintzatan jendearen inplikazioa kristona izan da. Ikasle, ikasle ohi, guraso, irakasle... Kanpoko jendearen inplikazioa itzela izan da eta igandean ere horrelakoa izatea espero dugu", dio Errastik. 

Laguntza da, Araba Euskaraz

Domekan Araba Euskaraz jaian aterako duten diruaren gainean galdetuta, dio "zuloak tapatzeko" erabiliko dutela. Izan ere, eraikinetan badaude ordaindu beharrekoak eta batez ere garraioarekin dute "zor handiena": "Imajinatu, 300 bat ume, egunero, Arabako Errioxako herri txiki guztietatik joan eta etorri... Logroñotik ere badator jendea",dio. "Horrek gastu handia suposatzen du, eta ez daukagu diru laguntzarik", gaineratu du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak