Eguraldi txarraren eragina izan du aste bukaera osoan, Arrasaten egin duten Mundumira, Munduko kulturen jaiaren bederatzigarren aldiak, batez ere zapatu iluntzera arte. Momentu horretatik aurrera, atertu egin zuen eta jaialdiak bizitasuna hartu zuen.
Ekitaldi gehienekin aurrera egin bazuten ere –Zero Zaborrek antolatutako zapatuko bizikleta martxa bertan behera gelditu zen–, goibeldu egin ziren ekintza batzuk edo ez zuten beste aldi batzuetan besteko jenderik batu. Hala ere, antolatzaileak, Debagoieneko Mankomunitatea, Sua Argitaletxea eta GinMusica, gustura dira aurtengo emaitzarekin eta eskertu gura izan dute jaialdian parte hartu duten erakunde, herritar eta elkarteak.
Txikiak ere handien mailan
Askotariko musika emanaldiekin gozatzeko aukera eman du jaialdiak; horien artean, izen handiak zeuden, Kiko Veneno eta Betagarri, besteak beste. Aurreikuspenak bete zituzten horiek eta Biteri plaza bete zuten biek ala biek, bertaratutako adin askotariko zaleak dantzan jarriz. Baziren, baina, horren famatuak ez direnak baina handien maila erakutsi zutenak eta ikusle asko hurbilarazi zituztenak, horien artean herriko The Potes eta Mery May taldeenak.
Jakiekin munduan bidaiatuz
Seber Altube plazan izan dira askotariko gastronomia postuak, bertakoak eta kanpokoak. Goierriko taloak eta Eusko Label oilasko pintxoek arrakasta izan zuten, baina baita kanpokoek ere: kebab, pizza, krepeak, Argentinako parrillak, patatak eta mojitoak eta munduko beste jaki batzuek. Herriko plazan ere izan zen zer dastatu, Atisha elkartearen postuan eta txokolate egilearen tailerrean. Izan ere, Lleidako artisau batek aintzina egiten zen moduan txokolatea egin eta egiten erakutsi zuen; herritarrek ere izan zuten txokolatea egiteko aukera.
GKEk ere euren postuak ipini zituzten eta, taldeen esanetan, euripean ere elkartasuna erakutsi zuten jaialdira etorritakoek.
Hitzaldiak eta tailerrak
Askotarikoak izan dira Kulturaten egin diren hitzaldiak eta mahai-inguruak. Egubakoitzekoek izan zuten jende kopuru aldetik arrakasta handiena. Antolatzaileen esanetan, batez beste hamabost lagun inguru batu dira berbaldietan; ontzat eman dute kopuru hori, formatu txikiko hitzaldiak zirelako.
Aldiz, Debagoieneko Zero Zabor taldearen dokumental emanaldiek ez zuten espero beste jende erakarri, seguru asko, nolabait esatearren, karparen iluntasunak jendea beldurtuta.
Artisauak, gustura
Arrasateko Eskuartean elkarteko artisauak gustura ziren salmentekin; eguraldiak lagundu ez arren, asko saldu zutela esan ziguten artisau batzuek, eta tailerrek ere erantzun ona izan zuten.