18:00ak aldera hasi dira okela prestatzen, eta 19:00ak ingururako gertu zeuden Eusko Label oilaskoarekin egindako pintxoak. Debagoieneko AMS, TEPEZ eta Zazpi Udaberri GKE erakundeetako kideak zeuden horiek prestatzen eta banatzen.
Jende asko egon da ere musika entzuten. Izan ere, 18:00etatik aurrera, kontzertu-sorta ederra hasi da: Herriko plazan izan dira Urko Menaia lehenego eta Brasilgo Yemamah hirukotea gero. Seber Altube plazatik abiatu dira 19:00etan Senegalgo Family Mbolo taldea eta askotariko danborrak eskuetan zituztela, herriko plaza eta inguruko kaleetan zehar ibili dira. Biteri plazan 20:00etan hartu dute lekukoa Arrasateko Mery May abeslariak eta haren taldekideek. Aurrez egindako soinu probatan dagoeneko bazituen zaleak begira; kontzertua hasi ahala, Biteri plaza bete egin da. Adin askotariko publikoa zegoen horietan guztietan.
Antolatzaileak pozik azaldu dira ere egubakoitzeko kontzertuek izandako harrerarekin, Damba taldeak harrera ona izan zuen; familia giroko publikoa gerturatu zen gehienbat. Betagarrik hartu zuen ondoren lekukoa, eta musika zale gaztez bete zen plaza. Ederki jarri zituzten gasteiztarrek horiek guztiak dantzan. Giro politean joan ziren lehenengo eguneko kontzertu nagusiak.
Giro ona umeen gunean
Ibai Arte umeen gunean ere jende mugimendu handia izan da goizez zein arratsaldez. Ume eta guraso dezente batu dira plazako aterpean. Bertan abentura jolasez gozatzeko aukera izan dute umeek: kutxen dorrea, ohe elastikoa, salckline eta baita eskulanak egiteko aukera ere.
Bustia eta hezea izan da asteburua, eta horrek izan du eragina. Ekitaldi bat edo beste bertan behera ere gelditu da. Esaterako, Zero Zabor taldeak antolatutako bizikleta martxa egitekoak ziren gaur, zapatu goizean, herriari bira emanez, baina bertan behera gelditu da. "Asmoa zen inguruetako herrietatik etorritako jendeaz martxa bat egitea herrian zehar, baina eguraldi txarra dela-eta, bertan behera utzi behar izan dugu. Hamar bat lagun azaldu dira, baina euria zen eta ez da egin. Erdigunean bizikletaren erabilerarako bidegorrien eskaera aldarrikatu nahi genuen", adierazi zuen Andoni Loiti Arrasateko Zero Zabor taldeko kideak. Hala ere, tailerrak eta dokumental emanaldiak ere izan dira Zero Zaborrekoen eskutik, nahiz eta dokumentalak ikustera ez den espero beste jende hurbildu, bertaratzen ziren asko karparen atean geratzen ziren-eta. Bihar ere, zero zabor filosofia oinarri hartutako askotariko dokumentalak erakutsiko dituzte 13:00etatik 19:00era.
Euriari aurre egin dionik ere izan da. Besaidek antolatutako mendi ibilaldia egin egin du. "Zalantza asko genituen, baina jendea animo handiarekin etorri da eta egin egin dugu. Kanpotik ere etorri dira banakaren bat. Guztira 21 lagun elkartu gara", esan zuen Aitor Zubiagak, Besaide Mendizale elkartekoak.