"Gure helburua egunarekin disfrutatzea zen eta bete egin da"

Monika Belastegi 2014ko mai. 24a, 18:20

Eneritz Urrutia Arrasateko Trikitixa Eskolako kidearen hitzak dira, gaur, Arrasaten ospatzen ari diren Debagoieneko X. Trikitixa Egunaren harira. 250 bat lagun batu dira Arrasateko kaleetan barrena trikitia jo eta panderoa astintzeko.

"Merezi izan du. Oso egun polita izan da. Gure helburua disfrutatzea zen eta bete da. Gainera herria ere alaitu egin dugu. Zenbait harritu egin da zenbat trikitilari batu garen ikusita". Eneritz Urrutiaren hitzak dira, gaur, Debagoieneko X. Trikitixa Egunaren amaiera aldera. Arrasaten ospatu dute, eta Urrutiak, Arrasateko eskolako antolatzaileetako batek esandako moduan primeran atera da guztia.   

Anfitrioiekin batera, Bergara, Antzuola, Aretxabaleta, Eskoriatza, Elgeta, Aramaio eta Soraluzeko taldeek hartu dute parte; baita Uztaritze, Ezpeleta, Donapaleu, Garazi, Baigorri eta Bidartetik etorritako 20 bat laguneko taldeak ere. Guztira 250 bat lagunek alaitu dituzte Arrasateko kaleak euren trikitien eta panderoen doinuekin.

Egun osoko jaia

Goizetik ekin diote jaiari. Auzoak alaitu ostean, kalejira erraldoia egin dute eta gero, erakustaldia Herriko Plazan. Trikitixa eskola bakoitzak zapaturako propio prestatutako doinuak eskaini dituzte, lepo betetako Arrasateko plazako oholtzan. Bukatzerako, bazkal ordua gainean zuten eta Uarkapera joan dira bazkaltzera. 350 bat lagun batu dira. Eta arratsaldean erromeria egongo da nahi duten guztiendako Herriko Plazan. Baita zozketa ere.

Aipatzekoa da, bestalde, goizean artisauak izan direla Herriko Plazan. Txalaparta, kajoi, pandero, atabal, danborrak... ikusteko aukera egongo da. Baita nola egiten dituzten jakitekoa ere.

Datorren urtean Aretxabaletan

Dagoeneko bailarako herri guztietatik igaro da Debagoieneko Trikitxixa Eguneko lekuoa, 2005ean Arrasaten abiatu zenetik eta aurten berria egin dute: euskarri nagusiak trikitixa eta panderoa irudikatzen ditu eta euskarri nagusi horrek herri bakoitzaren izena daraman 9 zatitxo ditu. Bada, herri bakoitzari bere zatia eman diote gaur, jaia antolatzea egokitzen zaionean euskarri nagusira itzuliko duen promesarekin. Arrasatek estreinatu du gaur, eta jarri dio berea, eta Aretxabaletari pasa dio datorren urtekoa antolatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak