El Bille: "'Bille' ezberdin bat izango da hurrengo diskokoa, freskoagoa"

Jagoba Domingo 2014ko mai. 27a, 00:00
Egoitz Villena, 'El Bille'.
Flamenko musikak pentsatu baino jarraitzaile gehiago ditu ibarrean, eta horren erakusle da 'El Bille'. Duela urtebete inguru kaleratu zuen lehenengo diskoa, 'Relatos de mi vida', eta astebetean 1.500 kopia saldu zituen. Hori gutxi balitz, Los Chunguitos taldeak babesean hartu zuen arrasatearra, eta, eurekin hainbat kontzertu egiteaz gain, estatu osoan eman ditu kontzertuak bakarlari, bikote edo hirukote bezala.

Nolatan sartu zinen flamenkoaren munduan?

Txikitatik etxean musika era berezian bizi izan dut. Nire aita punka zen, Pabellon Negro taldean bateria jotzen zuen, baina gitarrista ere bazen. Behin, punka izan behar nuela esan nion, eta ezezko borobilaz erantzun zidan! Nire aitona-amonek, ordea, flamenkoa entzuten zuten eta txikitatik musika hori bizi izan dut, oroimena dudanetik abesten egon naiz. Duela urte batzuk Extremaduran eman nuen denbora bat eta bertan ikasi nuen gitarra jotzen; bakarrik ikasi nuen.

Orduan sortu zenuen lehenengo proiektua?

Bai; Extremaduratik bueltan, Igor Letonarekin eta Eber Sanchezekin egin nuen lehenengo taldea. Flamenkoaz gain, baina, musika latindarra eta swinga ere jotzen genituen eta nik flamenkorantz jauzi egin nahi nuen. Orduan, lagun bati esker, Los Chunguitosekin jotzeko aukera izan nuen Tartufon, eta lehenengo momentutik babesean hartu ninduten, nire telonero izan zirela esan daiteke. Kontzertu hura hirukote bezala egin genuen, baina Los Chunguitosekin egindako hurrengoak bakarrik egin nituen. Tartufon egindakoaz gain, Trebiñun, Santanderren, Zaragozan, Iruñean eta Mirandan egon naiz eurekin. Mirandakoa gogoan dut eszenara bakarrik igo nintzenean oso handi ikusi nuelako, oso bestelakoa da bakarrik edo beste norbaitekin jotzea.

Oroitzapen bereziak izango dituzu.

Bai, oso polita izan zen. Oso pertsona atseginak dira, ikasi nuen lezio garrantzitsuena kontzertu aurretik lasai egotea izan da.

Horren ostean, Jabi gitarristarekin hasi zinen.

Esan bezala, Olegariorekin eta Eberrekin, flamenkoaz gain beste estilo batzuk jotzen genituen, eta ostean flamenkoari heltzeko Jabi eskoriatzarrarekin elkartu nintzen eta diskoari forma ematen hasi ginen. Kantuak eta hitzak nik egin ditudan arren, Jabik konponketak egin ditu.

Relatos de mi vida da zure lehenengo diskoa.

Bai; Shot! estudioan grabatu nuen. Sei kantuko diskoa da, eta, izenburuak dioen moduan, nolabait nire bizitza kontatzen dut bertan. Diskoa egun bakarrean grabatu genuen, eta, Jabiren gitarrez gain, Felek ere gitarra elektrikoarekin konponketa batzuk grabatu zituen. Diskoa atera eta astebetera kopia barik geratu ginen, atera genituen 1.500 aleak saldu genituen! Hala ere, arazo batzuengatik, orain kopiarik gabe gaude eta zaila da beste edizio bat kaleratzea.

Dagoeneko, baina, hurrengoari begira zaude, ezta?

Bai, hamasei bat kantu konposatu ditut udatik hona eta horiei forma ematen gabiltza orain. Kantu berriek beste indar eta freskotasun bat dutela uste dut, Bille berri bat datorrela esango nuke. Oraingoan, nire istorioez gain, kalean entzun ditudan kontuak ere badaude; azken finean, istorio bilduma bat da. Nik egiten dudan flamenkoak pop musikatik ere badu, melodiarekin eta konpasarekin gehiago jolasten dugu orain. Konpasa edo erritmoa dira garrantzitsuena flamenkoan, hori eta sentimendua.

Hala ere, bikote formatu hori aldatzeko lanetan zabiltzate.

Momentu honetan, niretzat eta Jabirentzat ere erreferente handi bat da El Bicho, eta bikotea talde bilakatzeko lanean gabiltza. Ideia hori dugu buruan eta lan handia den arren, gogo eta ilusio handiz ari gara. Hasteko kantuak amaitu behar ditugu eta ostean hasiko gara taldea osatzeko lanetan; familia handitu nahi dugu.

Orduan, flamenkoak baditu jarraitzaileak gurean?

Baietz esango nuke. Relatos de mi vida aurkeztu nuenean, Tartufo goraino bete zen. Horrez gain, zortea izan dudala uste dut; Arrasaten edo inguruotan jo dudan bakoitzean, jende nahikotxo hurbildu da kontzertura. Edozelan ere, zortea izateko gauzak ondo egin behar dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak