Zaindu dezagun maite dugun hori

Jagoba Domingo 2014ko mai. 24a, 14:46

Ruper Ordorika eta Arkaitz Miner Amaia antzokian.
Kooltur Ostegunen laugarren edizioa atzo amaitutzat eman zuen Ruper Ordorika oñatiarrak. Amaia antzokia bete ez zen arren, ikusle askok Ruper Ordorika & the Mugalaris laukoteaz ederto disfrutatu zuen antzokiko soinu eta goxotasuna lagun.

Kooltur bezalako ekintzak zaintzea guztiz beharrezkoa da eta Ruper Ordorika oñatiarrak atzo esan zuenari kasu egin beharko diogu eta maite dugun hori zaintzen jarraitu.

Laugarren denboraldiari amaiera emateko, Ordorika bere Mugalariekin igo zen Amaia Antzokiko oholtzara. Oñatiarrak Monterronen jo behar zuen bigarren aldia izan behar zuen atzokoa, baina oraingoan ere ezinezko gertatu zen; hirugarrenera itxaron beharko. Hala ere, Amaia antzokiko akustika paregabeak laukotearen ñabardura guztiez gozatzeko aukera paregabea eman zien ikusleei.

Denboraldi amaierako kontzertuak gainera, luxuzko aurkezpena izan zuen; Iker Barandiaranek "aurkezpenik ez duten behar" Ruper Ordorika eta Mugalariei ongi etorria egin zien, ikusleei ostegunero gaztetxera joateko deialdia zabalduz. Segidan, Ordorika eta bere taldeak, espazio-ontzia zirudien agertokian, artista oñatiarraren ibilbidea errepasatzeari ekin zioten.

Iruñatik Gasteizera

Azukre Koxkorrak diskoarekin hasi zen Ordorikaren bidaia; Donostia aldetik Iruñeara Laboaren Gure bazterrak eta Balerdi balerdiren Non duzu zauria? kantuekin eta ostean Gasteizera Hertzinak-en Sigarrillos amariyos-ekin. Jazzmaster gitarra eskuetan, trobalariaren rolean sartu zen Ordorika, atzean zituen musikariek ematen zioten konfiantzaren jakitun. Izan ere, Asier Oleaga bateriajoleak, Lutxo Neira baxujoleak eta Arkaitz Miner multi-instrumentistak (gitarra elektrikoa, mandolina eta biolina) sekulako lana egin zuten Ordorika babesten eta kantuei bizitza ematen.

Ordu eta erdiz, bere diskografian barrena bidaia egin zuen Ordorikak, besteak beste Haizea Garizumakoa, Martin Larralde edo Hiriak kantuak interpretatuz. Tartean ere, orain arte gutxitan jotzera ausartu den kanturik ere eskaini zuen; aspalditxo Zuberoak 1 eta Zuberoak 2 bildumak aurkitu zituenekoak hain zuzen.

Ofizioa ondo ikasitakoa da oñatiarra eta agertokian bakarrik jo zituen kantuetan ere, gitarra akustikoa eta ahotsa lagun zituela, Amaia antzokia aise betetzen zuen. Kontzertuak azkena jo behar zuenean, Zaindu maite duzun hori kantuarekin, ikusleak txaloka jarri zituen, eta ostean, bis bezala Sarri Sarri kantuarekin poltsikoan sartu zuen Arrasateko antzokia. Azken minutuetan, musikariek moderazioa alde batera utzi eta trebezia agertzeko tartea ere izan zuten. Minutu batzuez Mugalariek rock kontzertu bihurtu zuten egubakoitzekoa eta espazio-ontzia aireratzera zoala zirudienean, kontzertua amaitu zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak