Urte hauetan guztietan zuri-moreek behin baino gehiagotan izan dute helburu hori gertu, oso gertu. 2005/06 denboraldian Zaragozako Unibertsitatearen kontrako finalean galdu zuten aukera, eta hurrengo denboraldian ere Zaragozako Utebok amaitu zuen etxekoen ametsarekin. Hala, 2007/08 denboraldian, Iñaki Merinoren aginduetara taldeak sekulako denboraldia egin zuen eta Lehen Nazional Mailan txapeldun geratu ziren Gamarra, Alartzia, Mallabi, Kintana, Biaindarrak eta konpainia.
Orduan, baina, EBAra igotzeko klubak diru asko jarri behar zuen mahai gainean, eta atzetik zetozen jokalari gazteen aldeko apustua eginda, ez igotzea erabaki zuten. Ondorengo bi denboraldiak gogorrak izan ziren; gazteek ardura handiak hartu behar izan zituzten, eta larri ibili ziren mailari eusteko: "Duela hiruzpalau urte esperientzia falta zitzaigun, eta erraz galtzen genituen partiduak", diosku Barberok, atzera begiratuta. Baina, gazte koadrila hura hazi egin da, eta kategoria handi geratzetik ondo menderatzera pasa dira.
"Finalerdia, gogorrena"
Etxeko taldeaz batera Lauko Finalera sailkatu dira Azkoitia Azpeitia ISB, Deusto Loiola Unibertsitatea eta Tabirako Baque. Hala, ligan okerren sailkatu den Tabirakoren kontra jokatuko du MUk bihar finalerdia (17:00), ustez, talde errazenaren kontra. Baina, argi esaldi horrekin: "Guztien artean kontrario txarrena da biharkoa, duda barik", diosku Kintanak, eta gainontzeko jokalariek bat egiten dute horrekin. "Finala baino zailagoa izango da finalerdia gainditzea; oso talde irregularra da Durangokoa, eta ligan euren kontrako biak irabazi bagenituen ere, kontrario gogorra izango da".
Urduritasunak kudeatu
Seguru egun hauetan Josu Larreategi entrenatzaileak aparteko lana egingo duela jokalarien sentsazio eta urduritasunak kudeatzen. Balanzategik, esaterako, garbi du zein izan behar den helburua: "Epaileak baloia airera botatzen duen momentua gozatzen hasteko momentua izan behar da, urduritasun eta tentsioak alde batera uzteko momentua. Erraza da esatea, baina kontu horiek alde batera utzi, eta guk dakigun moduan jokatzen badugu aukera handiak izango ditugu fasea irabazteko".
Ointxe! klubak atera duen bideoa, Lauko Finalera begira.
Iturripe betetzera
Aspaldian bizi izan ez den giroa errepikatuko da bihar eta etzi Iturripeko harmailetan. Urbina Maltzagak EBAn egin zituen hiru urteetan (1994-1997) 1.000 zale batzen ziren Iturripen; David Scott edota Garbajosaren urteak ziren haiek, eta EBA kategoria ere egungoa baino garrantzitsuagoa zen –ACBren osteko bigarren kategoria zen. Horra iritsi ala ez, jokalari zuri-moreak sinestuta daude bihar eta etzi Iturripeko harmailak beteko dituztela. Azkenik, azken fase honen zabalkundea egiteko tuiterren #BeteDezagunIturripe hastag-a erabiltzeko deia egin du klubak.