Luis Mari Martinez Garate: "Katalunian ere ukazioa eta itxikeria erabiliko ditu Espainiak"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko mai. 22a, 12:02
Beñi Agirre –ezkerrean– eta Luis Mari Martinez Garate –eskuinean– atzoko hitzaldiko une baten.
Nabarralde elkartearen eta Zuztarrak Errotuz taldearen eskutik, Udaberriko Hitzaldi Zikloaren hirugarren saioa egin zuten atzo Kulturaten. Nabarralde elkarteko Beñi Agirre historialariak Kataluniaren sorrera historikoaren gaineko sarrera egin ostean hasi zen Luis Mari Martinez Garateren 'Catalunya hacia su independencia' saioa. Jende gutxi elkartu zen, baina bildutakoek adi-adi jarraitu zuten saioa.

Pare bat galdera egin genizkion hizlariari saioa hasi aurretik; prestutasun handiz erantzun zituen.

Azaroaren 9a egun seinalatua da kataluniarrendako. Zertarako balio izango du herri-kontsultak?
Ez da itxaropen faltsurik sortu behar. Jendartean baikortasun kezkagarri bat atzematen dut; Kataluniako prozesuak traba handiak izango ditu. Espainiako estatuaren erabateko ukazioa dago, hori oso ezaguna zaigu Euskal Herrian. Azken kasua ikustea besterik ez dago: Coca-Colaren iragarki bat atzera bota dute, protagonista euskal presoen eskubideen alde dagoelako. Erabat sinestezina da. Katalunian ere ukazioa eta itxikeria erabiliko ditu Espainiak, independentziaren aldeko puxika husten joan dadin.  Baina ez dut uste hori gertatuko denik; azken Diadan egon nintzen, eta jende asko sinetsita dago independentzia dela bidea.

Ze iritzi duzu erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku Dago ekimenaren gainean?
Interesgarria da, baina puntu batzuk zehazteke daude. Gure esku dago, noski, gure eskubidea da. Baina zergatik? Gizarte bat dagoelako bere burua subjektu politiko moduan eraiki gura duena. Eta subjektu politiko horren helburu demokratikoa da independentzia definitzea. Ez dut kritikarik egin nahi; zehaztasun falta dagoela uste dut, besterik ez.

Zikloko azken saioa, hilaren 28an

Udaberriko hitzaldi zikloa hilaren 28an amaituko da (Kulturaten, 19:00) Independentziaren bidean, zenbat gara? mahai-inguruarekin; Floren Aoiz, Anjel Rekalde eta Txente Rekondok hartuko dute hitza. Nabarraldek eta Zuztarrak Errotuz taldeak Gure Esku Dago ekimenarekin batera antolatu dute zikloa itxiko duen azken saio hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak