Europako Hauteskundeak

Julen Arzuaga (EH Bildu): "Europa herritarren eskubideetan oinarritzen bada ez da beharrezkoa izango hainbeste polizia"

Txomin Madina Milikua 2014ko mai. 21a, 17:02

EH Bilduren legebiltzarkidea den Julen Arzuagak segurtasunaz eta herritarren eskubideez jardun zuen atzo Arrasaten. Arzuagaren esanetan, eskuinaren neurrira dago eginda Europar Batasuna, eta bertako segurtasun politika ere eskuinaren logikaren baitan ikusten du. "Kezka" azaldu zuen era berean Europar Batasunean eskuin muturra izaten ari den gorakadarekin.

Segurtasuna vs. Herritarren eskubideak izenburupean, hitzaldia eskaini zuen atzo Arrasaten  EH Bilduren legebiltzarkidea eta abokatua ere baden Julen Arzuagak. Bere esanetan, Troikak agintzen du Europan, kapital finantziero eta botere ekonomikoen mesedetan, eta demokrazia eraikitzeko dago: "Eraikuntza hori ezkerrak egingo du, edo ez da egingo; eskuinairen neurrira eginda dagoelako Europar batasuna".

Segurtasun politika ere eskuinaren logikaren baitan ikusten du: "Polizia eta segurtasun gehiago izatea askatasun gehiagorekin lotzen dute. Gure logika alderantzizkoa da: askatasun gehiago badago, polizia eta kontrol gutxiago behar da". "Europa herritarren eskubideetan oinarritzen bada ez da beharrezkoa izango ez hainbeste polizia, ezta herritarren eskubideak zapaltzen dituen segurtasun eredu hau ere", gaineratzen du Arzuagak, eta salatzen du: "Europar Batasunean agintzen duten sekurolkratek kaleak bezala, sarea, komunikazio guztiak eta bizitza pribatua kontrolatu nahi dute".

Schengen akordioa eta eskuin muturraren gorakada

Schengen akordioaren inguruan ere galdetuta, akordio honek kapitalari barne mugak kendu zizkiola dio EH Bilduko legebiltzarkideak, baina era berean, segurtasunaren izenean muga horiek behin eta berriz itxi izan direla, batez ere ezkerrak mobilizazioak antolatu izan dituenean. Gaineratzen du Batasuneko kanpoko mugak, bereziki hegoaldekoak, erabat itxita daudela Batasunera iritsi nahi duten herritarrentzat: "Gosea edo gerratik ihesi 20.000 afrikar hil dira azken urteotan Europara sartu nahian". Ceutan eta Meilillan Goardia Zibila "basakeriak"  egiten dabilela esan ostean, Espainiako Gobernua eta Europar Batasuna ere egiten ditu horren arduradun, azken honek muga ongi kontrolotzeko mehatxu egiten diolako espainiari.

Arzuagak, era berean, bere "kezka" azaldu zuen Europar Batasunean eskuin muturra izaten ari den gorakadaren inguruan; eta, gaineratu, ezkerra gogor erreprimitzen den bitartean, eskuin muturrari ez zaiola aurre egiten: "Europol polizia ezkerreko mugimenduak erreprimitzeko erabiltzen da eta estatuz estatu legedia moldatzen ari da herritarren haserrea zigortzeko".

Europa eta konponbide prozesua

Euskal Herrian ireki den konponbide prozesuari dagokionez zer espero daitekeen galdetuta, aukerez hitz egiten du Arzuagak: “Europako Parlamentuan ordezkaria izateak ate asko irekitzen ditu prozesua bultzatzeko eta erabakitzeko eskubidearen aldeko lagunak egiteko. Orain arte hainbat europarlamentariz osatutako Friendship-a indartzea da helburua".

Bere esanetan, Europako Parlamentuak Irlandako Prozesua lagundu zuen bezala Euskal Herrikoa laguntzea posible da: "Horrek ikaragarrizko bultzada emango liguke preso, iheslari, torturatu, epaiketa politiko edo biktimen gaiak konpontzeko".

Europan ere, Euskal Herria XXI. mendean sortuko den estatu berrietako bat izateko lan egingo dutela ere badio Arzuagak.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak