Adierazpen bateratua kaleratu du Arrasateko Udalak homofobiaren aurka

Ane Elordi 2014ko mai. 16a, 15:28

Homofobiaren aurkako adierazpen instituzionala onartu dute gaur Arrasateko udal-bozeramaileek. Bildu, EAJ, PSE eta Aralar alderdietako udal-taldeek 'Sexu askatasun eta aniztasunaren aldeko Arrasateko Udalaren manifestua' kaleratu dute.

Bihar, maiatzaren 17an, Homofobia, Lesbofobia eta Transfobiaren aurkako Eguna da. Horren harira, Arrasateko udalak konpromisoa berretsi du diskriminazio afektibo-sexualaren eta genero-identitatearen aurkako borrokan. Ondorioz, dekalogoa kaleratu dute zenbait jarrera, aurreiritzi eta ezjakintasunei aurre egin, eta LGTBI kolektiboa gizarteratzea bultzatzeko.

Dekalogoan bildutakoaren arabera,  komunikabideek ere lana dute esparru horretan, "oraindik beharrezkoa da komunikabideek LGTBI gaien inguruan aurkako ikuspuntuak, aurreiritziak eta irain iturria izan daitekeen erretorika bereiztea". Izan ere, komunikabideek kolektibo horien inguruan ematen duten informazioak eragina du herritarren iritzian.  Beraz, komunikabide eta kazetarien ardura da testuinguru eta ikuspuntu egokitik ematea informazioa, jarrera baztertzaileak urruntzea eta giza eskubideak errespetatzea. Horrez gain, LGTBI kolektiboek komunikabideetan ahotsa izateko aukera eskaintzea beharrezkoa da.

Kaleko jardunari dagokionez, dekalogoan adierazten da oraindik gizartean badagoela zer lortu, adibidez, orientazio sexualaren ondorioz sortutako indarkeria bukatzea. Hain zuzen ere, "LGTBI taldeen barruan agerikoa da jendaurrean adierazpen afektibo-sexualak egiteko beldurra", alderdien ustez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak