Urtebeteko geldialdia egin zenuten jaiaz hausnartzeko; zein ondorio atera zenituzten eta nola gauzatu dituzue aurtengoan?
Kultura kutsuko jaia izateaz gainera, Debagoiena mundura zabaltzeko erakusleiho aproposa delako bertako ekoizle, enpresa eta bestelakoen parte-hartzea handitzea beharrezkoa ikusten genuen. Horren adibide, Ekoferia antolatu dugu bertako enpresa, ekoizle eta elkarteekin lanean, nahiz eta aitortu behar dudan, denbora arazoak tarteko, ez ditugula gura beste batu. Bailarako artisauei ere lekua egin diegu eta, era berean, saiatu gara musika eskaintzan ere Debagoieneko artistak txertatzen. Horrez gainera, Mundumira marka gureganatzeko ahalegina ere egin dugu; egun, bada, Mankomunitateak, GinMusica ekoiztetxeak eta Sua Argitaletxeak partekatzen dugu. Hurrengo edizioak herriak txandakatuta egiten jarraitzeko asmoa dugu, aldaketak egon daitezkeen arren, hasiera baten markatutako ordena jarraitzeko proposamena egin dugu.
Behin-behineko 50.000 eurotako aurrekontua. Nola banatuta?
Banaketa nagusia horrela geratuko litzateke: 23.000 euro kontzertuen gastuetarako (Herritmo ikuskizunaren gastuak Arrasateko Udalak hartzen ditu bere gain); 8.000 euro azpiegituratarako; 3.000, berriz, komunikaziorako eta diseinurako; eta produkzio gastuetarako, berriz, 10.000 euro dira. Horrez gainera, jaialdiko laguntzaileek zerbitzuak eta baliabideak ematen dizkigute; horien artean daude: Eusko Label, Goiena, Foru Aldundia, askotariko elkarteak...
Arrasate da gune nagusia, baina bailarako ikuspegiaz egituratu duzue jaialdia.
Bai; BTT eta mendi irteerak daude eta bertako turismo eskaintza ere eskura izango da (Museoak eta bestelako bisita gidatuak). Era berean, garraio publikoa indartu dugu eta bizikletendako zaindutako aparkalekua ere jarriko dugu.