ESItik adierazi dutenez, plan hau aurrekoa baino asmo handiagoekin dator. Izan ere, I. Euskara Planarekin helburuen %72 lortu ziren, eta "urrats handiagoa ematea" da oraingo erronka: "Aurreko plangintzan Debagoieneko ESIko lanpostuen %34k jarrita bazuten derrigorrezkotzat euskararen ezagutza, bigarren plan honen xedetzat jarri da, bost urteren buruan, langileen %64k izatea derrigorrezko. Horrek esan nahi du Osakidetzako II. Euskara Planak finkatzen dituen minimoetatik askoz harago jarri dela helmuga, honezkero eurei dagokien hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta duten langileen lanpostuak, une honetan bete gabe daudenak, eta hurrengo urteotan erretiroa hartuko dutenenak kontuan hartuta".
"Horrek guztiak esan nahi du lanpostu horiek betetzera datozenek egiaztatuta izan beharko dutela dagokien hizkuntza-eskakizuna, eta, ondorioz, euskalduntze-prozesua nabarmen areagotuko dela arian-arian", azaldu dute.
Ezagutza eta erabilera sustatzeko asmotan aurretik abian jarri zen langileen eta zerbitzuen identifikazio-kanpainari jarraipena emateaz gain, trebakuntza ere eskainiko zaie langileei, izan ditzaketen gabeziak gainditzeko eta hizkuntza-ohiturak aldarazteko.
Lehentasuna: Lehen Mailako Arreta
Planak hiru arreta maila zehaztu ditu, eta, horren arabera, lehentasun nagusia Lehen Mailako Arreta izango da; Ospitaleko Arreta egongo da bigarren tokian; eta Administrazioa eta Zerbitzu Orokorrak, hirugarrenean.
Eskakizuna ezberdina izango da hiru maila horietan, paziente eta erabiltzaileekin harreman zuzenagoa dutenei jarritako helburuak altuagoak izango baitira.
Horrez gain, Debagoieneko ESIk jardunaldi osoko Euskara teknikaria izango du aurrerantzean, lanaldi erditik lanaldi osora zabalduz.
I. Euskara Planaren ebaluazioaren emaitzak
Hona hemen, I. Euskara Planaren ebaluazioa eginda (ezarritako helburuen %72 betetzera ailegatu zen, orokorrean), Debagoieneko ESIk arloz arlo lortutako emaitzak:
- Komunikazioa eta irudia: %82
- Kanpo harremanak: %63
- Barne harremanak: %35
- Hizkuntza kudeaketa: %84
- Hizkuntza eskakizunak: %83
- BIKAIN ziurtagiriaren garapen maila: 500 – 550