Luis Bernardo de Carrera: "Ekoherrian, norbera eta talde gisa hazten gara, senidetasuna erabiliz"

Leire Kortabarria 2014ko mai. 13a, 12:00

Luis Bernardo de Carrera, Arizmendi Ikastolan.
'XXI. Mendeko Etxebizitza' delako jardunaldia egin zuen, 8. urtez, Arizmendi Ikastolak egubakoitzean, eta Luis Bernardo de Carrera arkitektoa izan zen hizlarietako bat; zehazki, ekoherrien gainean jardun zuen. 58 urte ditu eta ia 34 urte daroa jardunean, proiektuak garatzen eta obrak zuzentzen, batik bat Madrilen, Granadan eta Euskalw Herrian, bere bizilekua dena 2000. urtea ezkero. Bioeraikuntza egiten du eta ekoherri baten bizi da; horren gaineko informazio gehiago dago bere webgunean ('www.arquitectura-con-corazon.es').

Ze iruditzen zaizu Arizmendi Ikastolaren XXI. Mendeko Etxebizitza jardunaldia?

Bere motako beste ekimen batzuekin batera, etxebizitza eredu berrien plangintza jendarteari gerturatzeko ekimen ezin hobea iruditzen zait.

Ekoherrien kontzeptua nahiko berria da. Nola definituko zenuke, labur?

Definizio asko eman daitezkeen arren, askotariko ereduak daudelako, Robert Gilman aitzindariaren modura laburtu dezakegu guk ere: "Ekoherria giza finkapen bat da, giza eskalan, bizitzarako alderdi garrantzitsu guztiak dituena, ingurune naturalean errespetuz integratuta; garapenerako modu osasungarrien aldekoa dena eta modu mugagabean iraun dezakeena".

Zure misioa honela definitzen duzu: "arkitektura egitea, gizarteari zerbitzu gisa ulertua". Nola eroaten duzu hori praktikara?

Egia esan, arkitektura guztiak izan beharko luke gizartearenganako berezko zerbitzu zentzu bat, baina, zoritxarrez, lanbide hau balioa galtzen joan da, hain zuzen, herri "arruntarengandik" urrunduz joan delako azken mendeetan. Nire asmoa, proiektu bati eusten diodanean, bezeroarengandik gertu egotea da, norbanako bat izan zein bizilagun talde bat izan, prozesuan modu aktiboan parte har dezaten eta bere proiektua, ez inposatua dela senti dezaten.

Nolakoa da gaur egun egiten den arkitektura, zure iritziz?

Gauza guztietan moduan, arkitektura ona eta txarra dago, askotariko tendentziak sortu dira eta ereduak nazioarteratu dira; nire ustez, hori arriskutsua da ez badira kontuan hartzen leku bakoitza eta bere ohiturak. Espekulazioarengatik eta negozio hutsarengatik egin den "zabor" guztitik Mendebaldeak ikas dezan itxaropena daukat, baina kezkatu egiten nau eredu horiek suspertzen ari diren herrialdeetara esportatzen dabiltzala ikusteak, beste ezeri begiratu gabe.

Eguzki-arkitektura pasiboaren printzipioak jarraitzen dituzu. Zertan datza horrek?

Lekua eta eguzkiak urte oso baten zelan eragingo dion kontuan hartuta diseinatzen den arkitektura da, eguzkiaren berotasuna eta argitasuna ahalik eta gehien aprobetxatzeko; ez bakarrik aurrealdea nora begira dagoen, baita materialak, itzal lekuak eta eraikinaren bolumetria ere.

Diseinuan geometria sakratua ere aplikatzen duzu. Azalduko diguzu?

Arkitektura-espazioen diseinuari aplikatuta, zenbaki bereziei –Pi, adibidez– lotutako proportzio jakin batzuk erabiltzean datza. Zenbaki horiek natura osoan, kosmosean eta Lurreko leku bakoitzaren berezko solstizialetan daude. Espazio harmoniatsu eta osasungarriak egiteko, geometria hori erabiltzea ez litzateke nahikoa izango, ez balira kontuan hartuko ere eraikina egongo den ingurunearen beste lur-energia eta oinarrizko energia batzuk. Horregatik, bioeraikuntzaren printzipioen artean, diseinatzen hasi aurretik lurraren azterketa geobiologikoa egiteko beharra ezartzen da.

Zure 30 urtetik gorako ibilbidean egin dituzun proiektu batzuk aipatuko dizkiguzu? 

Askotarikoak egin ditut, hirietan eta landa-inguruneetan: birgaitzeak, ostalaritza, etxebizitzak, e.a. Azkenaldian, etxebizitza-komunitate bat eta hotel bat eraiki ditut, Granadan, eta ekitaldi-
areto handi baten eraikuntzan parte hartu dut, Bizkaian.

Ekoherriez gain, ekoauzoak ere badaude, ezta?

Gizarteko joera berrienetako bat da. Bizilagunak administrazio zentraletik aparteko talde-ekintza askotan antolatzen dira: auzoko berdeguneetan ortuak ipini, zerbitzuak trukatzeko denbora-bankuak sortu, eurendako moneta bat sortu… dena dago garatzeko. Europan gu baino aurreratuago daude, adibidez Transition Town mugimenduarekin, Bionneers topaketekin edo Co-housing delako praktikarekin. Lehen egiten ziren eredu batzuetara bueltatzen dabiltza; garai haietan, jendea gizarte txiki edo ertainetan bizi zen eta baliabideak eta esperientziak konpartitzen zituzten. Kasu askotan, esportatzeko moduko eredu ona da Euskadi.

Edozein bizi daiteke ekoherri baten?

Gizarte horrekin serio konprometitzen den eta ekoherri horrek batera bizi irauteko goi-helburu baten izenean elkarbizitzaren zailtasunak gainditzeko gertu dagoen edozein, bai.

Artzentalesko ekoherriarekin kolaboratu duzu, ezta?

Bai. Amalurra Nazioarteko Komunitatea da. Irene Goikoleak sortu zuen orain 21 urte baino gehiago, eta ni orain 14 urte sartu nintzen. Orain, 12 familia bizi gara, bakoitza bere etxebizitzan eta 10 hektarea baso, zelai, lorategi, ortu eta eraikin komunak konpartitzen ditugu. Garrantzitsuena da norbera eta talde gisa hazteko asmoa dugula, senidetasuna eta elkartasuna bezalako balioak erreskatatuz. Enpresa-bide bat ere bultzatu dugu, hotela, jatetxea eta taldeek topo egin eta tailerrak egin ditzaten espazioak sortuz. Neuk, giza aportazioaz gain, sortzen goazen proiektuak teknikoki garatzen laguntzen dut.

Beste herrialde batzuetan, nola daude bioeraikuntza, ekoherriak…?

Normalean, ekoherri baten bioeraikuntzaren printzipioak erabiltzen dira, baina bioeraikuntza ez da ekoherrietara mugatzen. Datuak oso argiak dira: gure ingurumen-inpaktua, karbono-arrastoa… gero eta gehiago hartzen dira kontuan, eta gizarteak bere buruari galdetzen dio zer egin dezakeen; horregatik, bioeraikuntza hazten dabil. Alemanian eta Herbehereetan, gertuko bi adibide aipatzearren, legeak aspalditik hartzen du aintzat giza kontzientzia hori, energia alternatiboak, eraikuntza jasangarriak… diruz lagunduta eta, batzuetan, horietara behartuta.

Ekoherriei dagokienez, bestelako gizarte-batze internazional batzuk ere kontatuta, Europan 2.000 inguru egon daitezke, eta mugimenduak oso osasun ona du, Global Ecovillages Network-en ikus daitekeen moduan.

Euskal Herrian eta Espainian eraikuntza bertikala egiten da, batik bat. Hemen ere egin daiteke bestelako eraikuntza mota bat?

Jakina baietz; leku bakoitzean bere ezaugarriak izango ditu, klimarengatik eta orografiarengatik, baina energia-ekoizpen teknologia eta gizarte-komunikazio teknologia berriekin, beste gai batzuetan moduan kontzientzia hartzen doan neurrian, espazio osasuntsuak, iraunkorrak, ingurumen-inpaktu txikiagoarekin eta giza eskalan egindakoak eskatuko ditu gizarteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak