Zer moduzko asteburua izan da?
Niretzako sorpresa bat izan da. Ez nuen espero horrelako emaitzarik lortzea, hiru astez lesionatuta eta korrika egin ezinik egon bainaiz. Azken astean lau bat aldiz entrenatu nintzen eta Bertikala egiteko asmoarekin joan nintzen, eta, behin hori eginda, igandeko igoera egin edo ez erabakiko nuen.
Mendiko lasterketetan bailaran zaletasuna dagoela jakinda, lorpen handia da zuretzat lehen debagoiendarra izatea?
Gehiago geratzen naiz lasterketan zehar izandako sentsazioekin. Benetan gozatu egin nuen, eta hori da garrantzitsuena.
Lortutako emaitzek herrian oihartzunik izan dute?
Ingurukoek zoriondu egin naute eta Arrasateko Korrika Trail denda niri laguntzeko prest agertu da. Eskertzen da egindako lana baloratzen dutela ikustea.
Asteburua hasi aurretik zein zen zure helburua bi lasterketei begira?
Bertikalean ahalik eta emaitza onena lortu nahi nuen. Lesio batetik nentorren eta Zegama-Aizkorri probara begira zein egoeratan nengoen ikusi nahi nuen. Ostiralekoaren arabera ikusiko nuen domekakoan ere probatu edo ez. Bertikalean lortutako emaitzak ez nau hainbeste harritu, goraka ondo ibiltzen bainaiz, baina Aloñako Igoerakoa sorpresa hutsa izan da.
Bi lasterketen artean deskantsatu ahal izan zenuen?
Larunbatean nahiko nekatuta esnatu nintzen, gauez izanda ez da-eta hain ondo errekuperatzen. Larunbatean bizikletan ibili nintzen muskuluak erlaxatzeko. Iganderako nahiko ondo nengoen. Ostiraleko esfortzua nabaritzen banuen ere, ondo nengoen.
Bi probak modalitate desberdinekoak dira. Zeinetan sentitzen zara erosoago?
Orain arte Bertikalean hobeto aritu naiz. Betiere, goraka gutxiago sufritzen dut. Korrika asko eta beheraka egin behar den lasterketetan sufritzen dut gehien. Ez dakit indarrez justuago iristen naizelako den, baina goraka errazago ibiltzen naiz. Hala ere, igandeko proban ere ondo sentitu nintzen.
Lehenago gauez korrika egindakoa zara? Berezia da?
Egin nuen lehenengo lasterketa Eskoriatzako Gabez Takarraran izan zen, antolatzaile lanetan zebilen lagun batek gomendatuta. Oso sentsazio berezia da, ez dago-eta erreferentzia garbirik. Ohiko lasterketetan ikusteari ematen diogu garrantzia, baina gauez beste zentzumen batzuek gidatzen gaituzte. Politak dira, eta oso bereziak.
Orain arte mendiko lasterketa askotan ibili zara?
Duela bi urte hiru lasterketetan hartu nuen parte. Iaz izan zen gehien egin nituen urtea. Hamar bat egin nituen, eta aurten Antzuolakoa izan da behar bezala egin dudan bakarra. Orion eta Urnietan ere irten nintzen, baina abduktore inguruko lesioarekin bueltaka nenbilen. Lehenengoan bukatzera joan nintzen eta bigarrengoan ezin izan nuen amaitu. Ordutik Aloñara arte lehiatu gabe egon naiz.
Zegama-Aizkorri egiteko asmorik baduzu?
Aurten, irteteko asmoa dut. Dortsala tokatu zait, eta han izango naiz, okerrik ezean. Proba hori prestatzeko asmotan ibili naiz, baina lesioa dela-eta ezin izan dut nahi besteko jarraitasunik mantendu. Datozen egunetan saiatuko naiz ahal den gehien entrenatzen. Ea disfrutatzeko moduan naizen.
Mendian, goraka ala beheraka sufritzen duzu gehien?
Aldapa behera da niretzat gogorrena. Bukaera aldean ere muskularki kargatuta egoten naiz, eta hor ere sufritzen dut. Hori gertatu zitzaidan Aloñan, adibidez. Goraka, aldiz, ondo moldatzen naiz. Aldapa handia badago, oinez ere ondo ibiltzen naiz.
Eguraldiak ere eragin dezake korrikalariarengan, ezta? Zein baldintza klimatiko dira onenak?
Aloñan izan genuena da niretzat ideala. Eguraldi freskoa nahiago dut nik. Euria egiten badu ere berdin dit, normalean. Gailurretan arriskutsua izan daiteke lokatza pilatzen bada, baina, bestela, ez dut arazorik.
Nolako entrenamenduak egiten dituzu?
Astean zehar ia egunero entrenatzen naiz eta deskantsatzeko egun bat hartzen dut. Aste guztiak desberdinak izaten dira, ordea. 3-4 egun korrika ibiltzen naiz, eta gainontzekoa bizikletan. Probaren baten aurretik edo ondoren gutxiago entrenatzen naiz, normala den moduan.
Aurrerantzean zein lasterketatan parte hartzeko asmoa duzu?
Maiatzaren 25ean Zegamara joatea da asmoa. Dortsala tokatu zaidanez, disfrutatzea da helburua, baina bost ordu ingururen bueltan ibiltzea lortuko banu, hobeto. Zegamakoaren ostean Euskal Kopako probetan ere aritu nahiko nuke, eta, Bertikalean ondo ibili nintzenez, gehiago egin nahi nituzke. Baina ez da ziurra.