Asier Gozategiren saioa eta afaria daude gaur Trikitixa Egunaren harira

Leire Kortabarria 2014ko mai. 9a, 00:00

iazko Debagoieneko Trikitixa Eguneko une bat.
Arrasatek dauka aurten Debagoieneko Trikitixa Eguna antolatzeko ardura, eta egun hauetarako zenbait ekintza badaude trikitizaleen gozamenerako. Hala, gaur, egubakoitza, Asier Gozategi trikitilariaren ikastaroa izango da Arrasateko Trikitixa Eskolan, 17:00etan hasita, eta afaria, gero.

Maixa Lizarribar irakasleak azaltzen digunez, Eskolako 12 bat ikasle joango dira ikastarora, baina Gozategik bere pieza batzuk joko ditu hasieran, eta, horregatik, entzule gisa jendeari irekitako saioa da: "Lehenengo solasalditxoa egingo du Asier Gozategik, eta gero, kantu batzuk joko ditu; eskatu diogu bere kantuak erakusteko. Berarekin egongo gara 20:00ak arte", esan digu.

Publiko guztiarendako gauza gehiago egongo da gaur bertan: ikastaroa bukatutakoan, kalejira egingo dute, tabernaz taberna joanez, eta hor ere jendeak parte hartu ahal izango du. Bukatzeko, 21:00ak aldera, Musakolako elkartean afaria izango dute: "Entsalada, saiheskia eta pastela izango ditugu", esan digu Maixa Lizarribarrek. Eurekin afaldu gura duenak izena eman behar du gaur bertan, arrasatetrikitixaeskola@gmail.com helbidera mezua bidalita edo Trikitixa Eskolara joanda. Afarirako txartela 12 eurotan saltzen dute.

Lau auzotan banatuko dira

Debagoieneko 10. Trikitixa Eguna izango da aurten ospatuko dena, eta maiatzaren 24an, zapatua, izango da. Egun horretan egingo duten bazkarian parte hartzeko txartelak ere "lehenbailehen" erosteko dei egiten dute antolatzaileek, Arrasateko Trikitixa Eskolan. Umeen bazkari-txartela 12 eurokoa da, eta helduena, 16 eurokoa.

Datorren astean prentsaurrekoa egitekoak dira antolatzaileak, eta hor emango dituzte jaiegun horren gaineko zehaztasun gehiago. Maixa Lizarribarrek ekintza hauek aurreratu dizkigu: "Urtero bezala, Debagoieneko trikiti eskola guztiak gara batzekoak. Azken urteotan nahiko jende bildu izan gara; iaz, 500 lagun batu ginen bazkaritan, eta jotzen, 300 baino gehiago ibili ginen. Aurten, Arrasateko lau auzotan banatuko gara; gero, herri erdira etorriko gara denok; eguerdian, jaialdia egingo dugu; segidan, bazkaria, eta erromeria gero".

Azken urteotan, antolatzaile izan diren eskolek testigu bat pasa izan diote batak besteari, eta aurten ere ohitura hori beteko dute, datorren urteko jaialdia prestatzea tokatuko zaion eskolari pasatuz.

Modu batera edo bestera, azken urteotan moduan, herritarren parte-hartzea eta babesa espero dute aurten ere Arrasaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak