Zer aurkituko dugu Bonberenea sessions zuzenekoan?
Bonbereneakoek hasieratik planteatu zigutena; zuzeneko berezi bat leku berezi batean. Disko guztietako kantuak daude zuzenekoan. Esan bezala, kontzertu berezi bat egin nahi genuen, errepertorio berezi batekin. Zuzenean inoiz jo dugun kanturen bat dago, aspaldian errepertoriotik kanpo zeuden kantuak berreskuratu ditugu... bitxikeriak daudela esan genezake.
Zein bitxikeria aurkituko ditugu?
Zuzenean lehenengoz egindako kanturen bat dago. Bondage kantua Doctor Deseoko Francisekin berreskuratzen dugu; badira urte batzuk ez dugula Bondage zuzenean jo, eta hasieratik kantu hori Francisekin egiteko gogoa genuen. Zigor DZk egindako ekarpena ere aipatzekoa da; Renato kantuan scratch-a egin zuen platerekin, eta emaitza sekulakoa izan zen. Renato zuzeneko guztietan jotzen dugu, baina DZren ekarpenak berezia egin zuen, platerak beste instrumentu bat izan daitezkeela argi utzi zuen; hori bai, atzean indio egokia baldin badago. Bestalde, Andoni eta Pettirekin Surik bai? kantua egin genuen, bertsio akustikoago eta blueseroago bat irten zen. Antzart dantza taldeak ere sekulako lana egin zuen. Hainbat gauza daude, ez da Goseren ohiko kontzertua, eta argi daukagu inoiz ez dela horrelakorik errepikatuko!
Gose & the Family; kolaborazioek berebiziko garrantzia dute, ezta?
Bai, gure lagunekin eta lagundu digutenekin kontzertu berezi bat egiteko gogoa aspalditik genuen. Disko arrosa kaleratu genuenean, horrelako kontzertu bat egiteko gogoarekin geratu ginen, eta Bonberenea sessions-ekin arantza hori kendu dugu. Ez dugu disko hori zuzenera ekarri, baina orduan izan genuen ideiarekin zerikusi handia du.
Izan ere, horrelako zuzeneko batek produkzio lan handia izango du.
Sekulakoa; eskerrak familia handia den. Laguntza handia izan genuen; besteak beste, Zubiaterena, Patxi Bonbero komandantearena eta Tolosako bonbero guztiena. Horrez gain, zuzenekoan parte hartu zuten guztiekin egun aproposa aurkitzea eta denok taula gainean egotea... lan handia dago atzean! Agenda arazoak tarteko lagunen bat edo beste kanpoan geratu da, baina hurrengorako gordeko dugu. Horrez gain, eskertzekoa da lagun guztien prestutasun eta esfortzua. Pirritx eta Porrotx, adibidez, saio bat bukatu eta zuzenean etorri ziren, Francis diskoaren grabazioan murgilduta zegoen, DZ Esne Beltzarekin estudioan zegoen... benetan eskertzekoa da.
Eta eguna bera nolakoa izan zen? Ohi baino nerbio gehiago...
Bai, berezia izan zen. Aurreko egunean joan ginen dena prestatzeko. Tentsio handia zegoen, dena ondo irten zedin nahi genuen-eta. Horrelakoetan, baina, kontzertu erdian zaudenean, amaiera hurbil ikusten duzu eta ez duzu amaitzea nahi izaten; oso azkar pasatzen dira, post-koito bateko sentsazioa izan zen. Kolaborazio asko egunean bertan entseatu genituen soinu proban eta Josema teknikoak lan handia egin behar izan zuen. Egun luze eta gogorra izan zen, baina era berean ahaztezina. Kasu honetan, lan karga oso handia izan zuten agertoki atzean dauden Goseko kideek.
Horrelako kasuetan zer da garrantzitsuagoa, aspektu bisuala, soinua, zerbait transmititzea...?
Hasiera batean, gure asmoa ez zen, inondik inora, zuzenekoa kaleratzea. Bonberenea Ekintzak da DVDa kaleratzearen erruduna! Momentu honetan ez gaude horrelako istilu baten sartzeko moduan. Gure asmoa kontzertu dinamikoa egitea zen, eta erronka handia izan zen kolaboratzaile guztiak ikuskizunean integratzea eta kontzertuak erritmoa izaten jarraitzea. Gurekin zeuden ikusleak kontzertu berezi bat bizi izatearen oroitzapenarekin amaitzea zen helburua; kontzertuaren parte izan zirela sentitzea. Dena zaindu genuen, baina ez genuen nahi betiko hurbiltasuna galdu. Bonbereneakoek kameren muntaia guztia egin zuten, eta gu bertan etxean moduan sentitzen garenez, dena oso naturala izan zen. Euren erabakia izan zen zuzenekoa kaleratzea.
Zuzeneko asko estudioan konpondu ohi dira; zuen kasuan hala izan da?
Ez; gure kasuan, gainera, elektronikak garrantzi handia du, eta ordenagailuek ez dute hutsik egiten; beraz, abesteko eta instrumentuak jotzeko momentuko gure inperfekzioek kutsu erreala ematen diete; horrek bizia ematen dio zuzeneko bati. Gainera, Gose talde elektroniko kontsideratu ahal den heinean, ez luke zentzurik izango zati humanoak berriz ere estudioan grabatzea. Akatsak egon daitezke, eta ez gara, inondik inora, horiek ezkutatzen saiatu.
Talde handi guztiek zuzeneko disko edo DVDak kaleratu dituzte; zeintzuk aukeratu zenituzkete?
[Osoron] Nik Thin Lizzyren Live and Dangerous; rock munduan zuzeneko esanguratsuenetakoa da. Aurreko galderan diogun moduan, zuzenekoa estudioak berriz ere grabatu zuela dio kondairak; hala ere, oso gustuko dut. [Ines] Nik duela gutxi furgonetan ikusi genuen bat aukeratuko dut: Prodigyren zuzeneko batena. Nire ustez, rock talde baten zuzeneko bat eta elektronika talde baten zuzeneko bat guztiz ezberdinak dira. Esan bezala, talde elektroniko batean makinek zeresan handia dute eta horiek perfektuak dira; bilatu behar dena zera da, gizakion inperfekzioa. Hori da sinesgarri bihurtzen duena, talde humano hori oso humano izatea, alegia.