Amaia antzokiko eszena ilunetan zegoela igo dira arratsaldeko protagonistak. Bihotzaren taupadak bozgorailuetatik eta pantaila erraldoian zainetatik daroan odol jarioa. Segidan, dantzarien gorputzek sorturiko bihotza bizia hartuz joan da eta hurrengo minutuetan dantza urbanoak dantza garaikideak eskua eman dute. Ez da ohikoena breakdance estiloa oinarri duen talde batek dantza garaikidea besarkatzea, baina gaur estiloak batu daitezkeela frogatu dute.
Divenire ikuskizunaren lehenengo zatian, gizakiaren barne borroka islatu dute dantza eta musikarekin. Koreografiek ikusleen arreta lehenengo momentutik bereganatu dute eta musikarekin eta isiltasunarekin jokatuz, giro intimoa sortzea lortu dute. Dantza urbanoaren agresibitatea alde batera utzi dute, eta Jordi Vilaseca dantzari garaikidearen zuzendaritzapean egindako lanari esker, dantza garaikidearen leuntasunari heldu diote. Hala ere, breakdance zertzeladak susmatzen ziren. David Ventosak uztaiarekin egindako saioa ere aipatzekoa izan da, ikusleak aho bete hortz utzi ditu-eta.
Bigarren round-a
Violadores del Verso taldeko Kase O-ren kantuak, ikuskizunaren bigarren zatiaren hasierari hasiera eman dio. Musika lasaiak, hip-hop, funk edo tartean elektronikari utzi dio lekua, eta dantza garaikideak transmititzen duen lasaitasunak, urduritasun bilakatu da. Amaia antzokiko ikusleak txaloka jarri dituzte dantzariek eta talde zein banakako koreografiekin txundituta utzi ditu.