Teleaginte konpatible eta berritzailea sortu du JMAk

Leire Kortabarria 2014ko mai. 5a, 00:00

JMAren teleaginteak.
Arrasateko JMA Alejandro Altuna enpresak teleaginte konpatible sorta bat garatu du, kopia-ahalmen handiagoarekin. Radiofrekuentziako teleaginteak dira; bereziki, garajeetarako sarbideak eta barrerak.

JMA Alejandro Altunak garatu duen gailuak lau teleaginte txertatu ditzake gailu bakarrean, eta gaur egun merkatuan dauden teleaginte gehienak txerta daitezke bertan, bai kode finkokoak zein kode ebolutibokoak, kodifikazioa enkriptatuta edo babestuta dutenak, hain zuzen.

Arrasateko sarrailagintza enpresak Gaitek programara aurkeztu zuen bere proiektua, Desarrollo de un equipo reproductor de telemandos compatibles de controles de acceso a distancia por radiofrecuencia izenburuarekin. Eusko Jaurlaritzaren Gaitek programaren 2010eko deialdira aurkeztu zuen, eta aurrekontuaren gaineko laguntza lortu zuen. Bestalde, Europako FEDER Ekintza-Programan sartuta dago Gaitek eta, alde horretatik, Europako laguntza ere jaso du JMAren proiektuak.

Oraingo proiektuaren berritasun nagusiak bi dira: batetik, gertutasunezko Rolling Code izeneko kodigoen teleagintea garatu dute, kopiatzeko ekiporik behar ez duena; bestetik, Rolling Code eta kode finkoak teknologia bakarrean batzeko aukera ematen dute garatutako dispositiboek, eta bi aukeretako bat hautatu daiteke. Hauxe esan dute arduradunek: "Azken erabiltzailearen esku –garajea irekitzeko teleagintea duen edozein– kopiazko teleagintea ipintzen dugu. Gaur egun, aztertu ditugun merkatuetan, hori ez da lortzeko hain erraza, irekitzeko sistema horien instalatzaileen sektorea ez dagoelako gertatuta teleaginteak ordezkatzeko zerbitzua emateko".

Enpresa berritzailea

Alejandro Altuna SA Altuna Group-en sozietate matriza eta bultzatzailea da. Enpresa orain 15 urte hasi zen elektronikako produktuak ekoizten. Helburua zen bere eskaintza dibertsifikatzea eta bere ohiko salmenta-kanaletan –burdingintza eta bikoiztaile espezialistak– giltzak eta giltza-bikoizketa motako produktuak eskaintzea.

Enpresa bera 1942an sortu zuen Alejandro Altunak. Hasieran produktu metalikoak leuntzeko negozioa bazen ere, Arrasaten sarrailagintza indartsu zebilen eta jardueraz aldatu zuen. 60ko hamarkadan, JMA marka sendoa zen. Gerora, nazioarteratzeak eta prozesu industrialen ikuspuntu berritzaileak Europako giltzagile lider eta munduko erreferente bihurtu dute Altuna Group. Gaur egun, denetariko giltzak, giltzak bikoizteko makinak, transponditzeko gailuak eta teleaginteak egiten ditu. Arrasateko egoitza nagusian 200 langilek dihardute, eta Argentinan, Txinan, Italian eta Mexikon ere ekoizten du. Altuna Group-en lantalde osoa 500 lagun ingurukoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak