Nola joan da irabazi berri duzun Espainiako txapelketa?
Espainiako cross country txapelketak lau lasterketa izan ditu aurten. Ni lehenengo lasterketara joan nintzen, eta hasierako asmoa bertan parte hartzea zen bakarrik. Bigarren sailkatzea lortu nuen, eta emaitza on horrek bultzatuta txapelketa irabazteko helburua jarri nion nire buruari. Bigarren eta hirugarren lasterketak ondo egin nituen, eta nahiz eta podiumera igotzeko aukerarik ez izan, oso sentsazio onekin bukatu nuen. Azkeneko lasterketara txapela janzteko aukerekin iritsi nintzen, eta ez nuen huts egin. Garaipena eskuratu nuen, eta berekin batera txapelketa.
Huelvaraino joan behar izan zenuen txapela Arrasatera ekartzeko…
Guk hemen daukagunerakin alderatuta, oso lur desberdina aurkitu nuen han. Hauts asko zegoen, hemen ez daukaguna. Lasterketa bikaina egin nuen baina eta irabaztea lortu nuen.
Cross-country denboraldia amaituta, enduron lehiatzen hasi zara udaberrian…
Bai, eta horretarako Almerian egin zen lehenengo lasterketara joan ginen. Bi eguneko lasterketa izan zen. Lehenengo jardunaldian zazpigarren sailkatzea lortu genuen, eta bigarrenean laugarren. Aipatu hirugarrena segundo bakarrera sailkatu zela, eta bigarrena seira. Oso maila onean lehiatu nintzen arren pena bat izan zen podiumera ez igotzea.
Ze desberdintasun dago cross-country eta enduroaren artean?
Cross-countrya motokrosa modukoa da. Motorra geldi dagoela irteten gara, eta hasieratik amaierara lehia gogorra ematen da. Lasterketa modukoa da. Bi ordu eta erdiko iraupena izaten du, eta bidean motorra hornitzeko geldialdia ere egiten dugu. Cross-countryan topera ibiltzen gara, eta enduroan berriz desberdina izaten da. Proba luzeagoa izaten da eta ibilbidea tarteka antolatuta izaten dugu. Tarte hauek egiteko denbora minimo bat jartzen digute, eta hori bete ezean zigortu egiten gaituzte. Behin tartea beteta atseden hartzeko denbora izaten dugu, eta gero abian jartzen gara berriz. Enduroa cross-countrya baino gustukoago dut, gehiago disfrutatzeko aukera ematen du.
Motorra etxean gordetzen duzu. Entrenatzeko ere inguruko mendietan ibiltzen zara?
Gurasoen etxeko garajean gordetzen dut motorra bai. Han egiten dizkiot egin beharreko konponketa guztiak, eta ordu asko pasatzen ditut bertan sartuta. Entrenatzeko berriz kontuz ibiltzen naiz. Motorrak ez daude batere ondo ikusiak jendearen artean, eta azken urtetan gero eta parke natural gehiago jarri dituzte inguruan gainera. Hori kontuan izanda ezin gara oso urruti joan, eta horregatik etxe ondoan, Zigarrola inguruko mendietan entrenatzen naiz. Autopista gaineko inguruan pista zabalak daude, motorrean ibiltzeko aproposak direnak. Bi minutu inguruko erlojuaren kontrakoak egiten ditugu normalean. Muru eta Besaide inguruetara berriz ez gara joaten apenas. Handik jendea ibiltzen da eta arriskuak ekidin egin behar ditugu, bai guretzat zein menditik ibiltzen diren pertsonentzat.
Motorra bizitzeko era moduan ulertzen duzu beraz...
Noski. Aita motor zalea da, eta txikitatik izan dut gustuko motorrean ibiltzea. Lagunekin ere irteten ginen lehen, motorrarekin mendi bueltatxoa egin eta Udala aldean txorixo pixka bat jatera. Duela bost urte lasterketetan lehiatzen hasi nintzen eta hor motorra serioago hartu nuen. Lasterketak irabazten hasi nintzen garai horretan, eta lehenengo denboraldia egin eta gero istripu larria izan nuen. Kotxe baten kontra jo nuen eta besteak beste izterrezurra ere apurtu nuen. Pena bat izan zen, denboraldi horretako lehenengo bi lasterketak irabazi ostean laugarrenean istripua izan nuelako. Oso berotuta egon nintzen istripu osteko hilabete luzeetan, eta indar asko pilatu nituen berriz motor gainera igotzeko.
Motorrean ibiltzeko fisikoa ere beharko duzu. Nolakoak izaten dira zure entrenamenduak?
Egunean zortzi orduz egiten dut lan, eta gero libre daukadan denbora da entrenatzeko erabiltzen dudana. Astelehen eta martitzenetan gimnasioan egoten naiz bi orduz. Eguaztenetan motorra hartu eta mendira joaten naiz, eta asteburuan berriz lasterketa izaten dut. Lehiaketarik ez badaukat, asteburua entrenatzeko erabiltzen dut. Gasteiz inguruan dagoen zirkuitu batera joaten naiz Gu ez gara profesionalak, esan dizudan moduan, motorra zaletasun moduan daukagu eta beraz nahiko genukeena baino denbora gutxiago daukagu entrenatzeko.
Bukatzen joateko, ze helburu dauzkazu aurtengo enduro denboraldira begira?
Datorren astean Ilargi jaioko da, gure alaba. Hurrengo lasterketara beraz ezingo dut joan, eta han galduko ditudan puntuek denboraldia baldintzatuko didate. Horregatik, lasterketaz lasterketa disfrutatzen joan eta ikastea izango da nire helburua. Beharbada garaipenen bat eskuratu ahal izango dut, baina ikusiko dugu.