Europa mailan erreferentea den Contra Records alemanekin argitaratu dute binilozko singlea, eta, denbora laburra daramaten arren, Parisen hasi zen abenturak oihartzun nahikotxo izan du Europa mailako skinhead eszenan. Bootboys horien gainean gehiago jakiteko, Tedi, Sid eta Harrirekin egon gara.
Duela urtebete luze grabatu zenuten diskoa; zergatik halako itxaronaldia ?
Kantuak 2012ko abenduan grabatu genituen Aretxabaletako Nekrosounds estudioan. Orduan, ez genekien zeinekin argitaratuko genuen. Otsail inguruan, baina, Parisen egon ginen Contra Recodes-ekoekin eta masterra eman genien. Uda partean kaleratuko zutela esan ziguten; hala ere, diskoetxekoek arazo batzuk izan zituzten kopiak egiteko orduan. Kontua da fabrikarekin arazoak egon zirela, eta, azkenean, beste enpresa batek egin zituen singlearen kopiak. Horrez gain, Contra Records-ekoek gure diskoa argitaratu aurretik beste talde batzuenak argitaratu behar zituzten; horrenbestez... itxarotea tokatu zaigu.
Dagoeneko, baina, prest daukazue hurrengo lana.
Duela hilabete grabatu genituen kantuak. Oraingoan, sei kantu grabatu ditugu; lau propio, The Press taldearen 21 guitar salute eta Zakarrak taldearen Skinhead. Contra Records-ekin hitz egin dugu, eta Grade 2 ingelesekin batera singlea kaleratuko dugu. Bi kantu erabiliko ditugu horretarako; hortaz, beste zerbait argitaratzeko materiala badugu. Kanadako talde bat gurekin jarri da kontaktuan, baina oraindik ez dago argi.
Orain arte, The Templars, Bishops Green, Alternate Action eta Evil Conduct taldeekin konparatu zaituztete.
Hainbat influentzia ditugun arren, rock-and-roll skinhead musika egiten dugu. Soinu basikoa gitarra garbiekin, gurea ez da betiko oi! setatia. Oi! klasiko horretaz gain, oi! frantsesaren influentzia ere antzeman daiteke. Disko honetan, adibidez, Bordeleko Camera Silens taldearen Pour La Gloire grabatu dugu.
Contra Records-ekin argitaratzea aukera paregabea da, ezta?
Oi! eszenan ezagutzera emateko bide oso ona da. Gaur egun, Europa mailan hiru diskoetxe indartsu daude; Bandworm, Randale eta Contra. Gainera, diskoak argitaratzeaz gain, promozioaz arduratzen dira eta hainbat jaialdi antolatzen dituzte. Beraz, jaialdi garrantzitsuetan parte hartzeko bideak zabaltzen dizkigu.
Izan ere, dagoeneko egon zarete batzuetan.
Otsailean, Parisen egon ginen, Winter Oi! Fest jaialdian, eta joan den urtean, urrian, Gironan Oktoberfest jaialdian; Portugalen ere izan gara. Contra Records-ek AEBetako beste diskoetxe batzuekin lan egiten du, eta bertan beste edizio batzuk egiten dituzte.
Zein da talde hasiberri batek horrelako diskoetxe batekin argitaratzeko sekretua?
Gauzak ondo egitea eta jendea ezagutzea. Kontaktuak egitea eta kontzertu eta jaialdietara joatea garrantzitsua da. Europa mailan eszena handia dago eta inguruotan jotzera mugatuz gero... taldea ez da ezagutzera emango. Eszena barruan egon ezean, oso zaila da. Guretzat, Parisen egotea garrantzitsua izan zen, eszenako jende asko ezagutu genuen-eta. Gakoa hor egotean datza; eta, nola ez, gauzak ondo egin behar dira! Gainera, inguruan kontzertuak ematea ez da gure helburua; gaur egun hemen daukagun eszena asko aldatu da, gogoko ditugun talde batzuk dauden arren; ez dago lehen zegoen eszena on hura.
My own path kantuan, herriko azken bootboys-ak zaretela diozue; zer gertatu da?
Esan bezala, eszena asko aldatu da. Duela hamar-hamabost urte, oi! mugimenduan eztanda egon zen eta egun batetik bestera kaskamotz-ak non-nahi zeuden; mugimendua moda bihurtu zen. Denborak aurrera egin ahala, ordea, askok beste bizimodu bat aukeratu dute.