Haren izena daraman Arrasateko Aita Menni ospitalean egin dute ekitaldia eta zenbait agintari eta elizako ordezkari batu ditu. Han izan dira, esaterako, Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizar, Donostiako Gotzaindegiko bikario Juan Kruz Mendizabal, Arrasateko parroko Horazio Argarate eta Caritaseko ordezkari Xabier Jorrin. Horiekin batera, Aita Menniko zein San Juan de Dios ospitaletako zuzendaritzako ordezkariak ere izan dira ekitaldian.
Goizean izan da. Meza Juan Kruz Mendizabalek eman du eta amaieran nabarmendu du elizaren eta erakundeen arteko lankidetza beharrezkoa dela.
Egungo psikiatriaren "aurkitzaile"
Mezan bertan lore eskaintza eta aurreskua egin dute San Bennito Menniren omenez eta modu horretan, hasiera eman diote haren heriotzaren 100. urtemugako ekitaldi sortari. Aita Menni ospitaleko Ama Nagusi Montserrat Esparzak azaldu duenez ekitaldi horien guztien helburu nagusia da Bennito Menniren obra ezagutzera ematea: "Egungo psikiatriaren bultzatzaile nagusia izan zen, aurkitzailea. Psikiatria, logikoa denez, garatzen joan da ordutik baina hura izan zen Espainian lehen bultzada garrantzitsua eman ziona, gizonezkoendako zein emakumezkoendako".
Inazio Azkarragaurizar alkateak, bestalde, ospitalearen garrantzia azpimarratu du: "Izugarrizko garrantzia dauka guretzako. Hemen egin den eta egiten ari diren lana eskertzekoa da; inportantea da gure herrirako, eskualderako eta Euskal Herri osorako".
Ahizpa Ospitalariek eta San Juan de Dioseko Anaiek elkarrekin antolatu dituzte urtemuga ospatzeko ekitaldiak, izan ere, lehenengoaren sortzailea izan zen eta bigarrena berrezarri egin zuen. Ekitaldi sorta zabala antolatu dute bi kongregazioek.
Santu izendapena 1999a ezkero
Italian jaioa, 1867an, apaiz izendatu eta berehala joan zen Espainiara. Bartzelonan Estatuko umeendako lehen ospitalea ireki zuen, baina buruko gaixotasuna zuten pertsonak behar handiena zutenak zirela ondorioztatuta, 1877an, Madrilen ospitale psikiatriko bat irekitzeko baimena lortu zuen.
Arreta psikiatrikoan eta erokeria gaixotasuntzat hartzen aitzindaria izanik, Benito Menniren ekintzek, ondorio garrantzitsua izan zuten buruko gaixoen arretaren garapenean. Gizatasunez beteriko eta gizatiarra zen zerbitzu eredua goraipatu zuen. Halaber, pertsonaren ongizatean oinarritutako organizazio eta arreta eredua sustatu zuen, betiere zientzia eta karitatea uztartuz.
Frantzian hil zen 1914ko apirilaren 24an eta 1985ean Juan Pablo II.a Aita Santuak beatifikatu egin zuen. 1999an kanonizatu zuten, hau da, Santu bilakatu.