Emanuelssonek 1977an zapaldu zuen lehenengoz Hegoamerika; Kuba izan zen ezagutu zuen lehen herrialdea eta gero, Hegoamerika osoan zehar ibili ostean, Kolonbian egin zuen lehen geldialdi luzea. Suediara bueltatu eta espainieraz ikasi zuen, Kolonbia eta Hegoamerika ondo ezagutu ahal izateko.
Kolonbiaz maitemindu egin zen eta egun bigarren aberri moduan du: "Egia esateko herri izugarri hartaz maitemindu egin nintzen. Hainbat diktadurek zigortutako herria da, oraindik ere horrela jarraitzen duena. Oso herri zintzoa eta borrokalaria da, eta hainbat lezio eman ditu. Horregatik Kolonbia bigarren aberri bat da niretzako".
Heriotza mehatxua 2005ean
Ordutik eta 30 urte luzez makina bat erreportaje egin ditu, betiere Hegoamerikako herrien borrokaren ikuspegitik: "Nik kontatu dudan errealitatea ez da sekula prentsa korporatiboan agertu izan. Zentzu horretan nire erreportajeak oso gaizki ikusiak izan dira botere faktikoen ikuspegitik eta horregatik heriotza mehatxua izan nuen 2005. urte osoan zehar".
Euskal Herrian ere, lanean
Euskal Herrira egin duen bisita aprobetxatzen ari da beste erreportaje bat egiteko. Estatu espainiarra bizitzen ari den krisi ekonomiko sakona landu gura dute eta horretarako astebete egingo dute Euskal Herrian, beste astebete Madrilen eta beste bat Katalunian. Krisi ekonomikoaz gain, mugimendu independentista lantzea da euren asmoa. Horretarako independentziaren aldeko eragile ezberdinak elkarrizketatzen aritu dira. Atzo, besteak beste, Ernaiko hiru neska elkarrizketatu zituen Udala auzoan.
Euskal Herrira joan den astean heldu bazen ere, egindako elkarrizketekin eta jasotako tratuarekin liluratuta geratu da kazetari suediarra: "Atsegin handiz nago hemen, beste familia bat bisitatzea modukoa da niretako. Oso gustura nago hona heldu izanaz, orain arte egon gabe nengoen-eta. Paisajea ikustea besterik ez dago, herri hau ederra da. Euskalduna izateaz harro egon behar da, hain da ederra zuen aberria..."