Besteak beste, lan harremanak, eredu ekonomikoa, industria politikak eta politika sozialak nolakoak izan behar diren erabakitzea langileei dagokiela aldarrikatu dute. Horrez gain, estatuetatik inposatzen ari diren agenda ultraneoliberalek etenik ez dutela salatu dute eta baita estatuak krisiaren kudeaketa guztiz antidemokratikoa egiten ari direla ere: "Krisia iruzur handi bat da. Horren aitzakiarekin langileriaren kontrako neurri guztiak justifikatzen dituzte. Lan harreman eredua deuseztatu dute eta mende bat atzera eraman nahi gaituzte", esan du LABeko eskualdeko arduradun Jose Ramon Kortabarriak.
"Langabezia bikoiztu egin da azken urteotan"
Gasteiz eta Iruñeako gobernuen jarrera ere kritikatu dute LABeko ordezkariek. Diotenez, Madrildik datozen neurri guztiak zuzenean aplikatzen dituzte, publikoki erreformen kontrako adierazpenak egin arren. Politika horien ondorioak gure eskualdean ere igarri direla adierazi dute, batez ere irakaskuntzan, osasungintzan eta industria mailan. Azken arlo horren adibide moduan jarri dute Fagor Etxetresnak eta Cegasaren itxierak. Eta gaineratu dute azken urteotan langabezia tasa bikoiztu egin dela.
Eibarko manifestaziorako deia
Hau guztia ozen salatzeko manifestazioa egingo dute Eibarren; 12:00etan irtengo da manifestazioa Eibarko Untzaga plazatik eta 13:00etan ekitaldia egingo da. Ondoren herri bazkaria egingo dute eta izena emateko LABeko egoitzetara deitu beharra dago aldez aurretik, 943 82 04 89 telefonora.