Arrasateko parroko Horazio Argaraterekin egon gara gaur San Juan Bataiatzailea elizako kanpandorrean eta bertan azaldu digu zergatik etorri zen behera "hiru kilo inguru" pisatzen duen kanpaiaren mihia: "Mihia egiterakoan altzairuaren barruan haize apur bat sartu ezkero denboraren poderioz apurtzeko arriskua dago. Puskatzeko modu hori materialaren 'nekatze moduan' da ezaguna adituen artean, eta hori da honi gertatu zitzaiona".
1998an jarri zuten
1998an jarri zuten mihi hori, kanpairik aktiboenean. Izan ere, Argaratek esan duenez, egunero hiru alditan jotzen zuen kanpai horrek apurtu aurretik. Kanpandorrean dauden hamar kanpaietatik –orduak markatzeko dauden biak kontuan hartu barik– aktiboena da, beraz. Atzo ezkero erabiltzeko moduan dago kanpaia: "Kanpaiak konpontzen adituak diren langileak atzo egon ziren hemen eta berria jarri ostean osziloskopioa pasa zioten, altzairuak haizerik ez duela konprobatzeko".
Apurtzeko modua "berezia" da, parrokoaren arabera: "Apurketak normalean modu irregularrean egiten dira, baina kasu honetan laban batek txorizoa mozten duenean gertatzen dena gertatu zen".