Arrasateko parrokiako kanpai baten mihia goitik behera

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko mar. 12a, 11:47

San Juan Bataiatzailea parrokiatik erori zen kanpaiaren mihia; Josu Arrieta lekukoaren arabera, hiru kilo inguru izango ditu.
Susto ederra hartu zuen atzo 18:45ak aldera Arrasateko San Juan Bataiatzailea parrokiatik pasatu zen bikote batek. Ordu horretan kanpaiak jotzen ari ziren eta horietako baten mihia lurrera erori zen: "Nire bikotea ez zuen gutxigatik harrapatu", adierazi du Josu Arrieta arrasatearrak.

Kanpatorpea kalera erori zen "hiru kilo inguruko" pieza. Arrietak BAZen eta Udaltzaingoan eman zuen gertaeraren berri: "Ez zegoen hileta-elizkizunik, baina joan-etorrian jende askotxo zebilen. Eskerrak ez zuen inor harrapatu..."

Palentziatik etorriko dira teknikariak

Bestalde, Horazio Argarate parrokoaren arabera, atzo sustoa eragin zuten kanpaiak mezak eta bestelako ospakizunak iragartzen dituztenak dira. Hau da, orduaren berri ematen duten kanpaiek mailu batekin funtzionatzen dute: "Horiek ez dute arriskurik suposatzen", dio Argaratek. Teknikariak Palentziatik etortzen dira urtean birritan: "Ez daude enpresa asko kanpaien mantenuaz arduratzen direnak eta hemengoak Palentziako enpresa batek mantentzen ditu. Abisua pasa dugu; urgentziaz pasa beharko dira".

Argaratek gertaeraren arriskua nabarmendu du: "Susto ederra izan da, eskerrak ez duen inor harrapatu. Horrek buruak kolpea eman ezkero...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak