Jon Barriocanal: "Urteekin San Andres auzoa aldatzen joan da; mentalitate aldetik, batez ere"

Zuriñe Velez de Mendizabal 2014ko api. 17a, 00:00

Barriocanal, San Andres auzoko Etxaluze eraikinaren aurrean, auzo-alkatetza dagoen tokian.
Gasteizko Mendizorrotzako Sukaldaritza Eskolan ikasi zuen Jon Barriocanalek (Arrasate, 1978); hain zuzen ere, lapiko artean eroso sentitzen den horietarikoa da. Baina gainera, San Andres auzoa gobernatzeko ardura hartu zuen duela bi urte, eta azkenaldian jaiak prestatzen aritu da Etxaluze eraikinean dagoen auzo-alkatetzan.

Lapiko artean abila zarela entzun dugu.

Hala da; Gasteizen Sukaldaritza  ikasi nuen eta horren ostean gozogintza-modulu bat egin nuen. Bietan eroso sentitu arren, batez ere sukaldean sartzerakoan sentitzen naiz nire saltsan. Gainera, lanerako ere, hortxe topatzen da normalean lekua, oso gutxitan behar izaten baitituzte gozogileak, ez baldin bada hotel handietan-eta. Eta, horrez gainera, sukaldari moduan esparru gehiago lantzen dira.

Zein plater prestatzen duzu ondoen?

Esango nuke dena irteten zaidala ondo! [Barre] Txantxak txantxa, arraina prestatzea gustatzen zait eta primeran irteten zait bakailaoa saltsa berdean. Horrelako errezetekin gustura aritzen naiz.

Plater tradizionalak nahiago dituzu, orduan?

Egia esan, etxean lasai asko kozinatzeko bai, ez naiz esperimentatzen hasten eta nahiago dut arrain on bat-edo prestatzea.

Eta etxean zein lagunartean, zu zara sukaldari ofiziala?

Egia esan behar baldin badut, bai. Etxean, normalean, nik prestatzen dut janaria, eta baita lagunartean ere; izan ere, elkarte bateko bazkide bakarra naiz kuadrillan, eta, gainera, sukaldaria izanda... Urrezko gizona naiz haientzat! Dena dela, lehen baino gutxiago egiten dugu orain, nik ere disfrutatu nahi izaten dut, eta ardura guztia nire gain egoten da bestela: erosketak, prestaketa... Noizean behin, sukalde-laguntzaileren bat harrapatu izan dut, baina segituan egin izan dute alde! 

Sukaldaria ikasketez, baina bestelako saltsetan ere aritzen zara; izan ere, denbora luzea eskaintzen diozu San Andresko auzo-alkate izateari...

Hala da; lan finkorik ez dudanez, ordu asko eskaintzen dizkiot alkatetzari. 2012an eskaini zidaten, eta, inor ez zenez animatzen, baiezkoa eman nuen. Zorionez, laguntza izan dut lan hau nola egin jakiteko, aurretik sekula ez bainintzen ez elkarte ez bestelakoetan aritutakoa. 

Beraz, ez zabiltza bakarrik.

Ez, baina egia da gazte jendearen laguntza handiagoa izatea eskertuko nukeela. Eta, batez ere, orain moduko daten harira, hau da, festen bezperetan: kartelak ipiniz, ideia berriekin ekarpenak eginez... Egia da ezin diedala eskatu nik adinako denbora eskaintzea, auzo-alkatea naizen aldetik, ardura zehatz batzuk baititut nire gain. Baina jaiak ez dira niretzat, guztiontzat dira, eta ez dut ulertzen jendea antolaketan ez sartzea. Auzoagatik zerbait egin nahi nuelako sartu nintzen honetan, baina konturatu naiz jende askok ez duela parte hartzen. Zer gertatuko da lan batean hasten naizenean eta orain besteko denborarik eskaini ezin diodan eguna iristean?

Oro har, nola ikusten duzu San Andres auzoa?

Niretzako, bizitza propioa duen tokia da San Andres. Bertan jaio nintzen, eta, orain bertan bizi ez arren, denbora luzea eskaintzen diot auzoari. Gainera, ia denetik daukan tokia da: askotariko denda, gazteentzako gunea, tabernak... Musakolaren antzera, gutxi gorabehera. Dena dela, urteekin asko aldatu dela esango nuke; mentalitate aldetik, batez ere. Lehen, jendea gehiago nahasten zen auzoko kontuetan, eta bestetik, orain gazte askok erdialdera joateko ohitura dute. 

Maiatzaren 1a San Andresko jaiekin lotzen dugu Arrasaten eta dagoeneko prest duzue egitaraua.

Antolatu ditugu aurtengo festak, bai, inprentan dago egitaraua!  Eta baditu berritasunak. Izan ere, esate baterako, iaz egun askotan zehar banatu genituen ekimenak, baina jendeak jai izanda auzotik alde egiten duenez, ez duela merezi ikusi genuen. Hori horrela, bi egunean ekintza ugarirekin gozatzeko aukera egongo da, eta gero, jendea kanpora joaten baldin bada, gustura joan dadila. Apirilaren 30ean, esate baterako, Extremadurako Sinkope rock taldeak kontzertua eskainiko du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak