Foru Aldundiak gaineratu du bi zentroetako administrazio kontseiluek "naturaltasunez" hartu dutela "egungo sistema birdefinitzeko prozesua", eta "inork ez duela zalantzan jarri bi zentroen kokapenari eustea, are gehiago, inplikatutako alde guztiek onartu dute orain arte bezala jarraitzea. Beraz, aurrerantzean ere, ekintzaileek Arrasateko eta Donostiako instalazioak eta teknikariak izango dituzte eskura".
Gogorararazi duenez, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza oinarri teknologikoa eta berritzailea duten enpresak abian jartzeko tresna lagungarriak "zehazteko" lanean ari dira, batera. Gaur egun Gipuzkoan bi enpresa eta berrikuntza zentro daude, esparru berean ari dira lanean, enpresa ekimen berri batean abiatzen direnei aholkularitza eta espazio fisikoak eskainiz. Horietako bat Saiolan da, Arrasateko Garia poloan kokatua; bestea, Bic Berrilan, Gipuzkoako Parke Teknologikoan, Donostian, dagoena. 2013an Foru Aldundia Saiolanera itzuli zen, 2000. urteaz geroztik kanpoan egon ondoren, Debagoieneko zentroaren aldeko Foru Aldundiaren apustua berretsiz.
"Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hasitako elkarlanak ekintzailetasunari laguntzeko gaur egun dagoen eredua birpentsatzea ahalbidetuko du bi zentroetako jardunbide onenak hartuz", agintzen du Foru Aldundiak.