Gaurtik hasita Euskara, ospeletik eguterara erakusketa ibiltaria herririk herri ibiliko da Gipuzkoan zehar, euskarak bizi izandako zapalkuntzaren berri emango duena. Abenduaren 3ra bitartean, Gipuzkoako hainbat herritan ikusi ahal izango da erakusketa hau eta hainbat jarduera antolatuko dira. Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskal Memoria Fundazioa eta Gipuzkoako udalak lankidetzan aritu dira erakusketa hau antolatzeko.
"Euskal Herrian asko hitz egin da hizkuntza normalizazioaz, baina gutxiegi euskal hiztunen kontakizunaz: euskararen kontura izan dituzten pozak, eta nola sentitu diren askotan indargabe haren egoera ikusita", adierazi du Zigor Etxeburuak, Euskarako zuzendariak. "Diren traba guztiak jarri dizkigute euskaraz ezin gaitezen bizi. Egun, oraindik, badira hamaika traba euskaraz bizitzeko". Etxeburuaren iritziz, normalizazio politikoaren garaia da, eta haren besotik etorri behar du normalizazio linguistikoak ere. "Euskal hiztunen bizitzak ezin du, jada, frustrazioaren bidean barrena jarraitu", esan du.
Euskal hiztunen bizipenak jaso ditu eraskuketak. "Horiekin jabetuta, behar adina neurri hartu behar ditugu bizipen gaizto horiek iraganekoak eta iraganekoak soilik izan daitezen".
Egitaraua
Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskal Memoriarekin eta Gipuzkoako udalekin lankidetzan jardun du Euskara, ospeletik egutarara egitaraua antolatzeko. Euskal Memoria Fundazioko Arantxa Erasun kidearen esanetan, egitarau honek "ezagutarazi nahi ditu, batetik, euskararen eta euskal hiztunen aurkako bazterkeriaren gakoak eta testuingurua, eta bestetik, euskaraz bizitzeko herritarrek egindako ahaleginak".
David Anauten Euskararen kate hautsiak liburua oinarri hartuta, memoria dokumentala eta memoria bizia jaso dira, eta horien bidez herriz herri erakutsiko da euskararen zapalkuntza, bitarteko hauen bidez:
- Ikus-entzunezkoa: 20 minutuko dokumentala; euskaraz, edota euskaraz gaztelerazko azpitituluekin.
- Erakusketa: 15 zutikako panel, euskaraz.
- Esku-orriak: Erakusketaren edukiak erdaldunei helarazteko euskarri osagarri laburra, gazteleraz.
- Mahai-ingurua: Euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketa jorratu duten adituekin, eta, zapalkuntza sufritu dutenekin edota euskararen aldeko herrigintzan aritu direnekin.
Gipuzkoako Aldundiak Euskara, ospeletik eguterara egitaraua Gipuzkoako udalei eskaini die, eskualdez eskualde eramateko asmoz. Eskualde bakoitzean gaia nola landuko duten oraindik erabakitzeko dagoen arren, egitarau oso bat antolatuko dute. Euskara, ospeletik eguterara gaur hasi eta abenduaren 3ra arte ibiliko da herriz herri.
- Apirila: Oiartzun
- Maiatza: Zarautz, Donostia (Egia), Arrasate.
- Ekaina: Tolosa, Azpeitia , Urola Garaia.
- Udazkeneko egutegia (erabat zehazteke): Orio, Lasarte, Deba Barrena, Goierri eta Deba Goiena.
Oiartzunen
Oiartzunen gaur hasiko den egitarauaren berri eman du Irati Etxebeste zinegotziak. Oiartzueraren eta memoria historikoaren astea antolatu dute. Erakusketa aretoan izango da ikusgai gaur arratsaldetik aurrera.
- Apirilak 8: hiztegiaren aurkezpena. 18:30, Pleno aretoan
- Apirilak 9: Euskararen kate hautsiak dokumentala eta hitzaldia. 18:30 pleno aretoan
- Apirilak 10: Antzerkia: Gaztetxea edo gazta etxean eta Ogiyik karri etzun semia. 18:30 pleno aretoan
- Apirilak 11: Hikalaguneko hastapen saioa. 18:30 bibliotekan