Amets Ormaetxea: "Agertokian bertan sentitzen denaren arabera, publikoa modu batera edo bestera ikusten da"

Julen Aperribai 2014ko api. 6a, 00:00

Amets Ormaetxea, Arrasaten, panderoa eskuan duela.
Lagun batzuek panderoa jotzen ikusteak atentzioa emanda hasi zen Amets Ormaetxea (Arrasate, 1997) instrumentu hori astintzen. Ordutik hona, hainbat plazatan aritu da eta zenbait lehiaketatan hartu du parte. Egun, umeei eskolak ematen dabil Arizmendi Ikastolan. Trikitia ikasten ere badabil azkenaldian. Kafe baten bueltan elkartu gara bere esperientziak jasotzeko.

Euskal Herriko hainbat plazatan jo duzu. Zelan hasi zinen jendaurrean jotzen?

Parte hartu nuen lehenengo txapelketa Mungian izan zen, leku txiki eta itxi batean. Nahiko urduri nengoen. Ondo egon zen arren, ez zen gaur egungo txapelketen modukoa izan. Azkenaldian, txapelketak leku irekietan izaten dira eta publikoa ere gehiago animatzen da. 

Nabaritu duzu desberdintasunik leku batetik bestera publikoari dagokionez?

Ez dut aldaketarik igarri. Agertokian izaten diren sentsazioen arabera, publikoa modu batera edo bestera ikusten da. Egunetik gauera bai, orduan igartzen da desberdintasuna. Nik arratsalde partean jotzen dut, normalean, baina gau aldera jendea lasaiago egoten dela esango nuke, dantzatzeko gogo handiagoarekin. 

Oholtza gainera igo aurretik urduritasuna kentzeko ariketaren bat egiten duzu?

Urduritasuna nik, behintzat, ezin dut kendu gora igo aurretik. Behin agertokian nagoenean, lasaiago egotea lortzen dut. Nerbioak arintzeko ariketa ez dakit den, baina jo aurretik ez entseatzea komeni izaten da. 

Trikitilari lehiaketetan ere hartu duzu parte. Baita sariren bat lortu ere, ezta?

Txapela behin lortu nuen, Hernaniko Trikitilari Gazteen Txapelketan, Beñat Ganboa trikitilari aretxabaletarrarekin. Jende askorik ez zegoen arren, gustura geratu ginen lortutakoarekin. Aurrera jarraitzeko animoak ematen ditu horrelako sari bat irabazteak.

Umeei pandero eskolak ematen ere bazabiltza. Zer moduzko ikasleak dituzu?

Ume guztiak dira desberdinak, baina esperientzia oso ona da. Badaramatzat hiru urte inguru Arizmenditik eskolak ematen, eta, ume gazteenak gobernatzen jakin egin behar bada ere, oso gustura nabil.

Zer-nolako sentsazioa da zure ikasleak astetik astera hobetzen ari direla ikustea?

Poza eragiten du norberak erakutsitakoak zerbaiterako balio duela konturatzeak, haurrak hutsetik hasten dira-eta. Nire eskoletan bakarrik ezin zaie askorik erakutsi, euren esku ere badago-eta hobetzen joatea. Agian, pozgarriena da umeak horrelako kontuetan sartuta ikustea.

Panderoa jotzen ikasteko solfeoa jakin behar da?

Ez, ez, ez dago solfeorik jakin beharrik. Izan ere, kolpeko jotzen da eta erritmoa eta teknika dira ikasi beharrekoak. Trikitia, aldiz, zenbakiekin edo notekin jo daiteke. Eta, azken teknika hori erabiliz gero, harmonia kontrolatzeak asko lagun dezake. Dena den, bi instrumentu horien kasuan, norberak praktikatzea da garrantzitsuena. 

Trikitia zaharkitua geratu dela diote askok. Jendearengana lehen bezala heltzeko formatuz aldatu beharra duela uste duzu?

Trikitia den modukoa da eta hala izaten jarraitu behar du. Urteak daramatzat mundu honetan eta hala pentsatzen dut. Gainera, gazteen artean trikitiak igoera izango duen sentsazioa daukat. Trikitia proposamen eta estilo berrietara egokitzea oso ondo ikusten dut, baina trikiti tradizionala inoiz alboratu edo ahaztu gabe. Betidanik izan dugun zerbait da eta hala izaten jarraitzea nahiko nuke.

Aukera izanez gero zure lanbidea trikitiari lotuta egotea gustatuko litzaizuke?

Ez dakit etorkizuna nolakoa izango den, goiz da hori esateko, baina argi dut mundu honekin lotuta jarraitu nahi dudala. Modu profesionalean ezin bada ere, trikitiarekin segi nahi dut. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak