Fagor Etxetresnen gaineko eskaintza zehatzak laster izango dira mahai gainean

Leire Kortabarria 2014ko api. 7a, 00:00

Fagor Etxetresnen lantegi bat.
Fagor Etxetresnen lantegien eta horietan sor daitezkeen lanpostuen etorkizuna ez da Cevital talde aljeriarraren eskaintzan hasi eta bukatzen; Fagor Etxetresnek baieztatu dutenez, Cevitalez gain "beste batzuk ere badaude interesatuta" eta gaur egun "intentzioak eta interesa" dena laster hasiko da zehazten.

Ezinbestean zehaztu beharko dute alderdi interesatu guztiek euren asmoak, Fagor Etxetresnen prozesuko administrazio konkurtsalak Likidazio Plana aurkezten dionean epaileari. Hori "egunotan" gertatuko da, Fagor Etxetresnen esanetan. Behin hori jasota, epaileak –kasu honetan, Donostiako 1. Merkataritza-Auzitegiko Pedro Jose Malagonek– 15 egun ditu plana onartzen duen edo ez esateko. Onartzen bada, Erakusketa Publiko fasera irekitzen da. "Hor, behin betiko eskaintzak aurkez daitezke", diote Fagor Etxetresnek. Beraz, orain arte gehiago edo gutxiago entzun diren asmo eta intentzioak zehatz-mehatz agertu beharko dira, eta jakin ahal izango da zeintzuk diren Fagorren aktiboetan interesa duten aldeak eta ze eskaintzen duten.

Ezagunena, baina ez bakarra, Cevital da. Komunikabideetan zabaldu da Kataluniako CNA taldea (Cata izenarekin operatzen duena) interesatua dagoela Garagartza eta Eskoriatzako lantegietan, eta BHI inbertsio-taldeak Geyser Gastech-en jarduera jo duela begiz, baina Etxetresnek ez dute hori baieztatu ez ezeztatu.

Malagonen epaiaren eragina

Oraingoz, bi epai daude zintzilik; bata Donostian, Malagon epaileak eman beharrekoa, Cevitalek erosi nahi dituen Fagor Etxetresnen Brandt, De Dietrich, Vedette, Sauter eta Easycook intsignien gaineko balioaz edo gutxieneko prezioaz. Cevitalek 25 milioi euro eskaini zituen horiengatik, baina, Espainiako Abokatutzak horiek gehiago balio zutela esan eta gero, Malagon epaileak 35 milioiko salneurria finkatu zuen. Horren aurka erreposizio-errekurtsoa ipini zuen Cevitalek, eta horren gainean erabaki behar du Malagonek.

Epai hori oraingo astean edo hurrengoan emango duela uste dute Fagor Etxetresnek, eta horren zain dago Nanterreko (Frantzia) Merkataritza-Epaitegia. Balio horri eustea erabakitzen badu Malagonek, eta Cevitalek ez badu berau ordaindu nahi, ia seguruenik Cevitalen eskaintza guztia bertan behera geratuko da. Apirilaren 11n da Nanterreko epaitegia Fagor Brandt-en gaineko eskaintza aztertzekoa eta Cevitali ematekoa edo likidazioa agintzekoa.

Mastercookez, Poloniako filialaz, ere Donostiako epaitegia da konpetentea eta berak erabakiko du zer gertatuko den.

Fagor Etxetresnek diote orain "epaileak erabaki behar duela" aktibo horietarako eta sor litezkeen lanpostuak sortzeko zer den onena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak