Ahaldun nagusiari zenbait eskaera egingo dizkio Ordainduk batzar baten

Leire Kortabarria 2014ko api. 3a, 00:00
Gaur, eguena, batzarra izango du Ordaindu elkarteak Martin Garitano ahaldun nagusiarekin. Ordainduko kideek diote hiru gauza planteatu edo eskatu gura diote Garitanori. Bestalde, Laboral Kutxaren batzar orokorraren aurrean kale-bilkura deitu dute zapaturako.

Honako eskaerak egingo dizkiote Ordaindukoek Garitanori: batetik, Fagorren hartzekodun diren Ordainduko bazkideen egoera, zeintzuek, langabezian daudenez, ezin dute Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI) ez antzeko dirulaguntzarik jaso, "oraingoz paperean bakarrik dauden kapitalak edukitzeagatik"; bestetik, ondasunak handitu izanagatik zergatan ordaindutako kopuruak jasotzeko aukera (kapitalak ezin izan dituztenez kobratu, ez da ondasuna handitu, Ordainduk argudiatzen duenez); eta azkenik, Diputazioari eskatzea Mondragon Korporazioarekiko negoziazioaren aldeko jarrera har dezala, "publikoki eta pribatuan", zenbait produkturengatik kooperatibistek eskatzen dituzten kapitalak kobratzeko: kapital soziala, mailegu merkantilak eta borondatezko ekarpenak.

"Fagorri laguntzeari uko egin zion lehen bankua izan zen"

Bestalde, zapatuan, apirilak 5, Laboral Kutxaren batzar orokorraren kanpoaldean bilkura egingo dute, 10:45ean. Arrasatetik autobusak antolatu dituzte, eta Arrasate Pasealekuan duten egoitzan eman daiteke izena. Basauriko Eskuratu elkartea ere han izango da.  

Ordainduk hau dio: "Laboral Kutxaren aurrean egingo dugu bilkura, 90eko hamarkada ezkero kooperatiben bankua izateari utzi ziolako, FRESetik Mondragon Korporazioari kopuru bat ekarriz horren truke. Aldi berean, kooperatibista aktibo guztiok, erretiratu gisa, banku horretatik kobratu behar dugu eta kontu korronteak, kartillak… ditugu. Kale-bilkura egingo dugu Laboral Kutxa izan zelako Fagorri laguntzeari uko egin zion lehenengo bankua, eta hondoa jotzen utzi zuena. Kale-bilkura egingo dugu Laboral Kutxak, emaitza bikainak izan dituenak aurten (141 milioi euro baino gehiagoko irabaziak), Txomin Gartzia duelako presidente, eta Mondragon Korporazioko gestoran dagoelako bera. Sotil, Motuberria, Markaide eta Txomin Gartziak osatzen duten gestorak ez du gu hartzerik eta kooperatibista hartzekodunendako irtenbide bat negoziatzerik nahi".
 
Ordainduk salatzen duenez, aurre-akordioa egin aurretik hona ez dute hitzaldi, batzar edo idatzizko informaziorik jaso. "Kooperatiban parte-hartzea, gardentasuna, egizaletasuna… paperetan esaten denarekin ez dator bat".
 
Azkenik, TU Lankide aldizkariari aurpegiratzen diote honakoa: "Nahiz eta alde bateko ikuspegitik, berkokatzeak-eta lantzen ditu. Hartzekodun diren kooperatibisten gainean, aurreikusitako isiltasuna, hau da, desinformazioa eta manipulazioa. Denon artean ordaintzen dugun Mondragon Korporazioaren aldizkari ofizialari egia eta gardentasun informatiboa eskatzen diogu".

Garitanori idatzia

Hona hemen Ordainduk Martin Garitanori emango dion idatzia, osorik:

"Ordaindu da 750 kide ordezkatzen dituen elkarte bat, Basaurin badago beste elkarte bat helburu berdinekin 350 kide ordezkatzen dituena.Guztira 1.100 kide gara eta danok kooperatibakideak gara, 50 miloi euro inguru zor zaizkigunak. Ordaindu-tik zugana jotzen dugu gure kolektiboaren kideak pairatzen ari diren arazo larriei irteera emateko asmoz: zenbait kasutan pobrezia; guztietan zergaren araudiak ez aurreikusitako hau bezalako ondarearen handikuntza desegokia; eta batez ere Diputazioari eskatu nahi diogu MCC-ren aurrean bitartekaritzaren zeregina burutzea, zor dizkiguten kapitalen ordainketa lortzeko eta konkurtsoaren geroztik kaltetuta eta geldiarazita suertatu diren negozioetarako laguntza
publikoak bideratu ahal izateko.

"FEDaren porrota izan da baloreetan oinarritutako kooperatibismoaren porrota: gezurretan eta iluntasunean finkatutako kudeaketaren garaipena izan delako: bai zuzendaritzaren aldetik bai MCCren aldetik, bereziki azken honek zordunen konkurtsoaren lehenengo egunetan baita sei hilabete igaro ondoren. Era berean kooperatibismo goraipagarriaren
aurkakoa da kudeaketa honek utzitako kaltetuen kopurua. Azken finean kooperatibismoaren aurkakoa da oraindik Batzarrerako (kooperatibaren organo nagusirako) deialdirik ez egitea eta organo subiranoari gertatutakoaz eta konponbideetaz azalpenik ez ematea.

"Horren guztiaren ondorioz, gaur MCC eta Fagor zuzentzen dutenei erantzukizunak eskatu egin behar zaizkie: beraiek izan zirelako, enpresa oraindik bizirik zegoenean, guri zor zitzaiguna ordaintzeari uko egin ziotenak; beraiek izan zirelako ordainketaren atzerapena erabaki zutenak: beraiek izan zirelako porrot honetara eraman gaituzten zuzendaritza aukeratu zutenak: gaur MCCren zuzendaritzako batzuek izan zirelako Fagor-en porrotaren arduradunak. Denak direlako kooperatibaren desgobernuaren erantzuleak eta gure aurrezki barik utzi nahi dutenak.

"Orain arte eta gure dirua berreskuratzeko asmoz, birritan elkartu gara MCCkoekin: lehenengoan, Txema Gisasola jn.k adierazi zuen urtenbidea bilatzeko, aurreztik bidea garbitu behar zela; bigarrenean, Gisasola jn.ren dimisioaren ostean, esan ziguten honen zereginak ondorengoak betetzen dituztela: Motuberría, Sótil, Txomin García eta Markaide jaunak. Hauek lauak dira MCC ren norabidea ezartzen dutenak; hauek lauak dira guri kapital soziala, merkatal maileguak eta ekarpenen ordainketaz urtenbide onargarri bat emateren kontra daudenak.

"Gure lanaren fruituaren ezordaintzea ezin da gehiagorik luzatu.Ez dago luzatzerik ez ordaintze horren azpian lagunen dramak daudelako.Alderdi bien arteko akordio bidez utzitako dirua itzuli egin behar zaigu, justotzat jotzen dugulako, gurea delako, empresa kudeatzeko txarto erabilita izan delako, eta gutako askok, adina eta egoera ekonomikoa direla bide, ezin dugulako gehiagorik itxaron.

"Kooperatibek finantza iturria izan dute gure diruan.Gure arazoa konpondu ezik, finantza iturri hori ezabatu ezkero, Fagor-ren porrota edo Eroskik jasaten dituen arazoak areagotu egingo dira, banketxeen finantziazioa gero eta zailagoa delako.

"Gure ustez arazo larri ugari daude gure gizartean, bereziki gure eskualdean: Fagor-en eta bestelako enpresen itxidurak pobrezia zabaldu dute gure artean. Ezpairik gabe Ordaindutik arazo sozial horiekiko gure elkartasuna adierazi nahi dugu eta haientzat ere konponbideak eskatzen ditugu.Halan eta guztiz ere, gure bizitza osoan zehar aurreztutako dirua
honela galdu izana ere arazo soziala da, eta MCCren defizitak erakusten ditu.Horregatik uste dugu gurea arazo soziala dela eta horrelakoa den heinean konpondu beharrekoa dela.Izan ere gizarte batean pobrezia izateak ez du suposatzen gainerako aldarrikapenak eta arazoak baztertu behar direnik: sexu indarkeria, etabarrekoak…"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak