Endika Donnay: "Ikusten nuen helmugako zinta eta ez nuen sinisten hura niretzako zenik"

Julen Iriondo 2014ko api. 3a, 00:00

Endika Donnay, aurreko astean Arrasaten.
Endika Donnayk (Arrasate, 1987) urte erdi darama berriz ere atletismoan buru-belarri. Bizikletan ondo moldatzen ez zelako utzi zuen duatloia, eta mendi lasterketetan gustura zebilen arren, berriz ere asfaltoan hasteko gomendatu zioten. Urte erdi darama orain, serio; Atletico San Sebastian taldean dabil, eta martxoaren 22an irabazi zuen lehen aldiz lasterketa bat –maila batekoa.

Ze espektatibarekin joan zinen Azkoitia-Azpeitiara?

Banekien ondo nengoela, eta dena ematera joan nintzen. Hasieratik jarri nuen nire erritmoa, ikusten nuen ondo nindoala.

Bazenuen aurreko lasterketaren baten erreferentziarik, jakiteko nola zeunden zu eta nola egon zitezkeen kontrarioak?

Gutxi gorabehera ezagutzen dugu elkar. Nik banekien ondo nengoela, eta hirugarren, bigarren... egin nezakeela, hor ibiliko nintzela. Eta ondo atera zen.

Aurkari asko ikusten zenituen garaipena lortzeko lehian?

Arrasateko Gaizka Romero, nagusia. Bera zen niretzako erreferentzia. Gero beste bi korrikalari sartu ziren tartean; horiek ez nituen espero. Gaizka beti ibili izan da ondo.

Nolakoa izan zen lasterketa?

Aurreneko 500 metroetan edo kontrolatzen egon nintzen. Bost gindoazen aurrean. Gero neuk jarri nuen erritmoa, eta Gaizka etorri zen nire atzetik, eta gero aurrera jo nuen. Kilometro eta erdi egin nuen Gaizka atzetik nuela, baina bakarrik geratu nintzen ondoren. 

Garaipena arriskuan ikusi al zenuen uneren batean?

Ez. Ez nuen sinisten irabaztera nindoanik. Batzuetan atzera begiratzen nuen, baina jendeak esaten zidan lasai egoteko, bigarrena urrun zetorrela. 

Nola kontrolatzen da horrelakoetan egoera?

Oin-hotsekin kontrolatzen dut nik, entzumenaren bitartez. Oin-hotsak eta arnasa entzuten dira. Ez nuen arnasarik entzuten, eta banekien, hortaz, bakarrik nindoala. Eta jendearen txaloekin ere bai: niri egiten zidaten, eta gero isildu egiten ziren. 

Ondo zetorkizun lasterketa? Nolako lasterketak komeni izaten zaizkizu?

Bai, bikain zetorkidan. Lauak komeni izaten zaizkit, malda txikiren batekin. Azpeitian igo egiten da apur bat. Nik nola mendia egin nuen lehen, badut indarra hanketan. Eta horregatik, aldapa apur bat baldin badago, ondo joaten naiz. 

Lehenago ere egina zenuen lasterketa?

Ez. Beno, aurreko urtean luzea egin nuen. Eta esan zidaten niretzako aproposagoa zela motza, hobeto egin izango nuela. Ze oso gaizki egin nuen luzea. Esan zidaten hurrengo urtean motza egiteko, eta egia, niretzako egokiagoa da. 

Jarraituko duzu joaten Azkoitia-Azpeitiara?

Bai. Gainera, Arrasatetik nahikotxo jende joaten gara. Zortzi-edo joan ginen oraingoan. Lasterketa polita da. Giro ona egoten da. Azkoitian eta Azpeitian, herrietan, ondo, nahiz eta Loiolako zuzenean jende gutxi egoten den, hori bai; hor ez da animo askorik egoten.  

Ze sentsazio helmugan sartzean?

Ez nuen sinisten. Ikusten nuen helmugako zuzena, eta ikusten nuen zinta, eta nire buruari esaten nion: "Hau ezin daiteke niretzat izan!". Helmugan amari deitu eta... Oso pozik. 

Azkoitia-Azpeitia albo batera utzita, zer moduz Espainiako Txapelketan [hil hasieran izan zen, Castellon]?

Ondo. Kros motza eta kros luzea egoten da, eta gure taldea sailkatu zen kros motza egiteko, 4 kilometrokoa. Oso azkarra izan zen.

Zure lehenengo Espainiako Txapelketa izanda, ze inpresio egin zizun kirol arloari dagokionez eta kirolaz bestekoari dagokionez?

Kirola ez denari dagokionez, jende ona ezagutu nuen. Eta kirol arloan, ba elite guztia han zegoen. Zapatu arratsaldez iritsi ginen eta joan ginen ibilbidea ikustera, eta han zeuden denak korrika, eta denak Europako Txapelketetara, Mundukoetara... joaten direnak. Eta esaten duzu: "Neu ere hemen!". Pasada bat!

Eta zer moduz atera zen txapelketa?

Neu erdi inguruan geratu nintzen, 300 korrikalaritik. Kluben sailkapenean, berriz, 22. geratu ginen, 60 ingurutik. Maila handia zegoen.

Ze abantaila du zuretzat talde baten korritzeak?

Nik gaztetan krosa egiten nuen, eta Ritxar Fernandezekin hasi nintzenean esan nion nire ametsa zela berriz ere krosak egitea, eta pistan lehiatzea ere bai. Eta horretarako federatuta egon behar zara, eta honi esker bete egin dut nire ametsa. Eta Euskadiko eta Espainiako txapelketara joan naiteke, bestela ezingo nintzatekeen joan. Orain arte beti ibili naiz nire aldetik, baina aurten hasi naiz taldearekin eta nahikotxo aldatu dira gauzak.

Gustura berriz ere korrika hasteko erabakia hartu izanaz?

Niri mendia asko gustatzen zait, eta hasieran zalantzak izan nituen: "Merezi du arriskatzea, mendia utzi eta asfaltora pasatzea?". Nik beste helburu batzuk nituen buruan, baina azkenean merezi izan du. Gomendatu zidaten asfaltoa egiteko, eta aldatu egin nuen. Eta oso pozik nago erabakiarekin.

Eta bateragarria da mendian ibiltzea zuek duzuen prestaketarekin?

Hasieran nik ezetz pentsatzen nuen, baina baiezkoan nago. Gure krosetan egiten du korrika mendian ibiltzen den jendeak, eta aurrean ibiltzen dira orokorrean. Dena dela, nik ez dut mendirik egiten. Gustatuko litzaidake aurrerago berriz ere mendia egitea.

Eta ze helburu dituzu atletismoan?

Ez dakit. Nahiago dut lasterketaz lasterketa joatea. Ez dut gustuko helburu bat jartzea, ze gero agian ez dut betetzerik. Lasterketaz lasterketa dena ematera. 

Oso sakrifikatua da 26 urteko gazte batentzat atletismoan aritzea?

Bai. Larunbatetan ia ezin irten... Eta gero, noski, ia egunero entrenatu behar duzu, elurra edo euria izanda ere bai. Atzo [eguaztenean] gogotik egin zuen euria, eta han egon nintzen Mojategin, serieak egiten. Baina hori egin ezean, ez dira emaitzak heltzen, eta hortxe dago motibazioa. 

Berriz ere atletismoan ari zaren urte erdi honetan, bilakaera ona izan duzu?

Bai. Aurreko batean esan zidaten, ikusita krosetan nola hasi nintzen eta nola ari naizen orain, asko igo dela nire maila. Eta neuk ere ikusten dut. Entrenatzeak egiten du hori. Konstantea izan behar da, eta iristen dira emaitzak.

Eta ze emaitza izan zenituen Azkoitia-Azpeitia irabazi arteko lasterketetan?

Beti ibili naiz aurrean: seigarren, bosgarren... lehenengo hamarren artean. Azkeneko urratsa falta zitzaidan, eta hori iritsi da entrenamenduetan konstantea izanda. 

Eta horrela jarraitzeko asmotan, irabazteko borrokan?

Bai. Dena dela, badago jende bat maila altuagokoa; Oñatin, adibidez, Yerai Varela. Baina hemendik denbora batera... Oraingo bilakaerarekin jarraitzen badut... Ikusten dut nire burua hor, borrokan.

Horrek emango du jarraitzeko indarra, ez?

Bai. Kontua da denbora askoan lasterketa bat prestatu baina emaitzarik ez bada ateratzen, zalantzan jartzen hasten zarela entrenatzeak merezi ote duen. Baina emaitzak ateratzen badira are gehiago entrenatzeko motibatzen zara. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak